Maialen Akizu.

Bekainak

2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

Ustez antzerako pisua dute «gero zeramikara noa» edo «aurrekoan Maitanerekin elkartu nintzen» esateak, baina pisua, masaren eta grabitatearen araberakoa da, besteren, airearen, lurraren proportzionala. Hitzak ez ditu haizeak eramaten, mundu guztiak daki hori. Mundua esandako hitzez beteta dago, eta bereak ere hortxe gelditu ziren, esanda. Ez dut elkarrizketaren nondik norakoa lotzen asmatzen, ez dakit zergatik kontatu zuen, ez ginen preseski horretaz ari, eta ez genion esandakoari segida eman. Lasai geunden kafea hartzen. Ez ditugu ezpatak eta paretak behar gure baitakoek ihes egiteko. Baina halaxe esan zuen: «Nire izebak esaten du nire amak egin zuen onena komuniorako begitartea depilatzea izan zela».

Geroztik, berari begiratzen diodanean, tarteka, bere umetako bekain bateratu haiek azaltzen zaizkit. Bere ama irudikatzen dut etxean argizari arrosa berotzen —hori ere arrosa—, ixteko begiak esaten, lasaitzeko kopeta, min pixka bat emango ziola, baina ez zela ezer. Luzitzeko sufritu egin behar dela esango zion amak. Edo agian ez. Segur aski ez, ez da halakorik esan beharrik: mundua antzerakoa dioten hitzez betea dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.