andoni egana

Tahoe

2024ko ekainaren 1a
05:00
Entzun

Lekuak eragingo zigun. Lakuak, akaso. Nevadara joanak ginen inprobisatzaileen batzar batera, eta atseden eguna baliatuz Tahoe lakua ezagutzera eraman gintuzten. Han geunden, laku ertzeko jatetxe bateko terrazan. Gurekin zen katedradun kanariar bat, izaeraz eta pentsaeraz oso desberdina izan arren bidelagun bihurtu zitzaiguna bertsolaritza ezagutzera emateko orduan. Leku hartan, udaberriko bero goxotan, hitz egin genezakeen, esaterako, Marilyn Monroeren heriotzaz…

Egoera politikoaz hasi ginen mintzatzen. Segituan nabarmendu ziren desadostasunak. Kanariar katedradunaren iritziak eta gureak nekez zetozen bat ezertan. Espainia gora eta Espainia behera ari zen. Espainiak ez zuen inongo zartaturik bere ustez.  Eztabaidak bukatu itxura hartu eta isilaldi baten ondoren, Jon Sarasuak bost hitzetan eman zuen epaia: «Maximiano, España es una enfermedad». Luzeagoa izan zen ondorengo isilaldia. Orduz geroztik, Tahoe lakuaren berri dudanero, «Espainia gaitz bat da» entzuten dut errepikatua garunean.

Atzo arte. Atzo jakin genuen bere epaiketara ez dela azaldu ere egin Donald Trump. Atseden hartzen geratu omen da, non eta Tahoe lakuan. Nire barne-mintzoak leloa aldatu du. Hasia dago dagoeneko «Trump gaitz bat da», «Trump gaitz bat da» esaka…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.