Baliteke Mikel Gastesi EH Bilduko alkategaia eta alkate ohia berriro ere izatea Esteribarko alkate (Nafarroa). 2019ko hauteskundeetan 20 botoren faltan gelditu zen berriro ere gehiengo osoa eskuratzeko, eta Esteribarko independenteek eta Olloki Esteribar taldeak akordioa egin zuten alkatetza lortzeko —talde bakoitzak hiru zinegotzi ditu, eta EH Bilduk bortz—. Egoera aldatu egin da, ordea, eta Olloki Esteribar eta EH Bildu elkartu egin dira orain, Matilde Añon alkatearen aurkako zentsura mozio bat aurkezteko. Gaur erregistratu dute, eta beranduenez hemendik hamar egunera eztabaidatuko dute, ohiz kanpoko osoko bilkura batean.
EH Bilduk ohar baten bidez jakinarazi duenez, zentsura mozioaren helburua gaur egungo «paralisi egoeratik» ateratzea da. Koalizioak argudiatu du, izan ere, egungo udal gobernuak ez duela «akordiorako gaitasunik». Bertzeak bertze, salatu dute aurrekontuak ez dituztela onartu, eta haustura gertatu dela alkatetza lortzeko elkartu ziren taldeen artean: «Entzungor egin diete EH Bilduk eta Olloki Esteribarrek egindako akordio proposamenei, eta hori guzia egoera ekonomiko eta sozial oso konplikatuan gaudenean, bai herrian, bai nazioartean».