Uztailaren 4an Iruñean mobilizatzeko deia egin du Sarek

Sarek salatu du salbuespen politikek konponbiderako bidea oztopatzen dutela, eta horiek indargabetzearen alde egin du.

Iosu Alberdi.
2024ko ekainaren 20a
19:30
Entzun

Sare Herritarrak agerraldia egin du Iruñean, sanferminen atarian egitekoa den mobilizaziorako deia egiteko. Uztailaren 4an izango da hori, 19:30ean, Sarasatetik hasita. «Festaren magian murgiltzeko gogoa badugu ere, ezin dugu ahaztu urteetako gatazkaren ondoren konpondu gabeko ondorioak ditugula oraindik», azaldu dute plataformako kideek.

Sareko kideek adierazi dute, euskal gatazkaren ondorioak konpontzeko alternatiba bakarra «aurrera» egitea eta plazara iristea dela, festetako entzierroetan bezala: «Plaza, elkartzeko gunea». Izan ere, eta metaforari eutsita, zehaztu dute euskal gizarteak «ia irristadarik gabe» hartu duela «elkarbizitzara eta konponbide demokratikoetara daraman bidea», eta gertu duela azken helmuga: «Ideiak indarkeriarik gabe eta inoren eskubideak zapaldu gabe eztabaidatzeko tokia».

Halere, plataformak gogoratu du oraindik ere indarrean daudela presoen etxeratzea «modu artifizialean mantsotzen» duten salbuespen politikak: «Lasterketa normal egitea oztopatzen dute, eta arriskua sortzen, zauriak, alferrikako sufrimendua eta, behin baino gehiagotan, kalte konponezinak eraginda». Hala, horiek lasterketa eremutik kanporatzearen alde egin du, «lehenbailehen». Sareren esanetan, Etxera dioen aldarria lorpen bilakatzea da xedea, Izan ere, argudiatu dute «mendeku politikak» eta «sufrimendua» ekuazio politikotik at uztea garaipen bat litzatekeela euskal gizartearentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.