Sumarrek «politika egiteko forma berria» aldarrikatu du, EAJren eta PSE-EEren «formula agortuen» aurrean

Alderdiak dio Osakidetza «berreskuratu» nahi dutela, jendeak etxebizitza eskuratzeko aukera izatea lortu, eta klima aldaketara egokitzeko gaitasuna duen herri bat eraiki.

Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaia gaur, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Alba Garcia Sumarreko lehendakarigaia gaur, Donostian. JUAN HERRERO / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko apirilaren 4a
21:00
Entzun

«Gobernu progresista bat behar dugu, ideia berritzaile eta berriekin. Hitzetatik ekintzetara pasatzen den gobernu bat. Konplitzen duen gobernu bat. Eta hori Sumarren zigilua da». Horrela aurkeztu du koalizioa Alba Garcia lehendakarigaiak hauteskunde kanpaina hastear den honetan. Zehaztu du Sumar dela «politika egiteko forma berriaren bermea», haren erranetan atzean utzi behar direlako EAJk eta PSE-EEk erabili dituzten «formula agortuak». «Denok dakigu aldaketa behar dugula Euskadi aurrerakoi, berde, feminista eta langileen eskubideak defendatzen dituen horrek publizitate kartel bat izateari utz diezaion. Aldaketa hori ez da gertatzen, 40 urtez betikoek gobernatu dutelako», borobildu du.

Donostian egin du koalizioak agerraldia, eta eskerrak emanez hasi du Garciak solasaldia: boluntarioei, koalizioa osatzen duten taldeei, antolakunde eta eragile sozialei eta datorren hauteskundeetan beren alde bozkatuko duten herritar guztiei. «Sinisten duzue, apirilaren 22tik aurrera, Euskadi berri bat eraikiko dugula. Euskadi progresista, inklusiboa, eta bere identitateaz eta hizkuntzaz harro dagoena». Herri proiektu horren nahiak ere aipatu ditu: Osakidetza berreskuratzea, etxebizitza eskuratzea posible izatea, auzoak ez «sakrifikatzea», klima aldaketara egokitzea, politika feministak egitea, harrera herri izatea, eta gozatzea.

Hori guztia lortzeko, baina, denbora beharrezkoa dela dio, eta herritarrek beren denbora berreskuratu behar dutela. Hortaz, lanorduak gutxitu nahi dituzte, soldatak jaitsi gabe. «Badakigu biak ez direla ez ezinezkoak, ez bateraezinak. Produktibitatea eta enpresen mozkinak etengabe hazi dira. Horiek banatzeko ordua da».

Andeka Larrea taldeko bozeramailea ere bertan izan da, eta boto guztiak «erabakigarriak» direla erran du. «Politikak balio du euskal herritarren kezkak eta arazoak konpontzeko, baita herritarren proiektu eta ametsak errealitate bihurtzen laguntzeko ere, baina, horretarako, ariketa demokratikoa egin behar dugu, beste batzuek gure izenean erabaki ez dezaten», erran du. Hiru aukera aurkeztu ditu datozen hauteskundeetarako: EAJ eta haren «politika kontserbadoreekin doan alderdi sozialista», EAJrekin agintzeko prest dagoen EH Bildu, eta Sumar. «Sumar da bide bakarra hurrengo legegintzaldian ezkerreko politikak bermatzeko, etxebizitzaren prezioak jaisteko, emakumeen eskubideak lehenengo lerroan ipintzeko, gazteen emantzipazioa aurreratzeko, soldatak igotzeko, lan baldintzak hobetzeko eta euskal herritar bakoitzaren bizitzak hobetzeko», borobildu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.