Gasteizko mugimendu feministak eraso matxisten kontrako protokoloa abiatu du

Erasoak salatzeko telefonoa martxan jarri du, eta Gasteizko auzoetako jaietan erabilgarri egongo da.

HILKETA MATXISTA - MOBILIZAZIOA
Gasteizko mugimendu feministaren protesta bat indarkeria matxistaren aurka. JAIZKI FONTANEDA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko ekainaren 7a
12:37
Entzun

Urtero legez, udan eta jai giroan izan ohi diren erasoak salatzeko protokoloa abian jarri du Gasteizko mugimendu feministak. Telefono bat martxan jarri du horretarako: 747-41 48 34. Gaurtik aurrera, Gasteizko zenbait auzotako jaietan aktibo egongo da mugimendu feministaren telefonoa, edozein salaketa egiteko, edo, behar izanez gero, mugimenduarekin komunikatzeko. Jai giroan erasoren bat gertatuz gero, eta kasu bakoitza aztertu ostean, salaketa publikoa egingo du mugimenduak, erasoa gertatu eta hurrengo egunean.

Gasteizko mugimendu feministak jakinarazi du protokoloa «tresna irekia» dela, tokian tokiko egoeraren eta erasoen arabera moldatu daitekeena, eta mugimendutik harago doala, jaietan parte hartzen duten guztien ardura delako hura erabiltzea. «Erasoak egiten dituzten pertsonak ez dira bakartuta bizi, eta, askotan, jarrera oldarkorrak eta zuzeneko erasoak ingurune hurbilenean identifika daitezke, talde lanean geldiarazi, laguna, behar izanez gero, jai girotik aldenduz», azpimarratu du mugimenduak, ohar batean.

Indarkeria matxistaren aurkako protokoloak hiru ardatz ditu: pedagogikoa, «indarkerien gaineko hausnarketa, formakuntza eta lanketa kolektiboa helburu duena»; prebentzioa, «eraso egoera bat salatu edo aurre egiterakoan komunitatearen babesa ziurtatzeko tresna delako»; eta erantzuna, «erantzun kolektiboa artikulatzeko baliabide eta erremintak sortzen dituelako».

Gasteizko auzoetako jaiei begira, protokoloa elkarbanatu, landu eta martxan jarriko da hainbat gunetan, «parranda eta txosna guneak espazio seguru, plural eta feministak izan daitezen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.