Espainiako Gobernuak unibertsitatera sartzeko proba arautzeko dekretua onartu du

Proben eredu berria datorren urtean jarriko dute martxan. Probak konpetentzietan oinarrituagoak izango dira.

Unibertsitatera sartzeko ebaluazioko azterketa bat, joan den astean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Unibertsitatera sartzeko ebaluazioko azterketa bat, joan den astean, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko ekainaren 11
17:47
Entzun

Hego Euskal Herriko milaka ikaslek egin berri dute unibertsitatera sartzeko ebaluazioa. Alabaina, datorren urtetik aurrera proben eredua aldatu egingo da. Espainiako Gobernuak gaur onartu du azterketen nondik norakoak jasotzen dituen dekretua. Orain, autonomia erkidegoetako ordezkariei dagokie etsaminak nolakoak izango diren zehaztea. Halere, Pilar Alegriak, Espainiako Hezkuntza ministroak nabarmendu du akordioetan oinarritutako testua dela: «Asko eztabaidatu da proba honen inguruan autonomia erkidegoekin, unibertsitateekin, errektoreen organoekin, ikasleekin eta familiekin». Hauek dira dokumentuaren ezaugarri nagusiak:

1

Azterketak

Probetara aurkezten diren hautagaiek bost azterketa egin beharko dituzte derrigorrez: Euskara eta Literatura, Gaztelera eta Literatura, atzerriko hizkuntza, aukeratu duten modalitateko irakasgaia eta Espainiako Historia edo Filosofia —aurten ere horiek izan dira—. Horietaz gainera, nota hobetu nahi izanez gero, beste lau irakasgaitako azterketa egiteko aukera izango dute. Laurak egitea erabakitzen badute, batek derrigorrez atzerriko bigarren hizkuntza izan beharko du.

Azterketen ezaugarrietan bada aldaketarik: orain arte ikasleek bi ereduren artean aukeratu zezaketen; aurrerantzean, bakarra izango dute. Ariketa batzuetan aukera egongo da galdera batzuen artean aukeratzeko, «baina hautaketa horrek ezin izango du inola ere ekarri ebaluatu beharreko gaitasun espezifikoen kopurua gutxitzea». Alegia, orain arte utz zitezkeen gai batzuk ikasi gabe, eta, hala ere, gehienezko nota lortu; aurrerantzean, ordea, ezingo da. Gainera, azterketak konpetentzietan oinarrituagoak izatea nahi dute, ez hainbeste buruz ikastekoak.

2

Iraupena

Azterketen iraupenari dagokionez, ikasleek 90 minutu izango dute irakasgai bakoitzeko proba egiteko —orain arte bezala—, eta gutxienez 30 minutu izango dituzte etsamina eta etsamina artean atseden hartzeko. Hezkuntzarako aparteko beharrak dituzten ikasleek azterketetan denbora gehiago izateko eskubidea edukiko dute.

3

Ebaluazioa

Azterketei nota jartzeko garaian kontuan hartu beharreko irizpideak ere zehaztu dituzte. Badaude aldaketak: hain zuzen, galdera bakoitzeko notaren gutxienez %10 hau kontuan hartuta ezarriko da: koherentzia; kohesioa; zuzentasun gramatikala, lexikoa eta ortografikoa; eta aurkezpena. Gainontzean, berdin ebaluatzen jarraituko dute: azken nota kalkulatzeko, Batxilergoko batezbestekoa notaren %60 izango da, eta unibertsitatera sartzeko probakoa %40. Azterketa bakoitzaren nota zerotik hamarrera artekoa izango da, eta gutxienez lau atera beharko dute aintzat hartzeko. Nota igotzeko egindako azterketetatik bi emaitzarik onenak izango dituzte kontuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.