Esku hartze soziala «erabateko prekaritatean» dela salatu dute langileek

Hirugarren sektore sozialaren eguna ospatu dute erakundeek Bilbon, eta beharginek protesta egin dute kanpoan. Asteartean beste greba egun batera deitu dute LABek eta ESK-k Bizkaian.

Ertzainez inguratuta egin dute gaur protesta hirugarren sektoreko langileek. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Ertzainez inguratuta egin dute gaur protesta hirugarren sektoreko langileek. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2024ko maiatzaren 10a
17:00
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hirugarren sektore soziala osatzen duten entitateak Bilbon bildu dira gaur, Itsasmuseumean egindako jardunaldi batean, eta kanpoan langileak izan dira protestan. Izan ere, Bizkaiko esku hartze soziala lan hitzarmenik gabe dago 2022tik, eta tarteka lanuzteak egiten ari dira beharginak: asteazkenean greba egin zuten ELAko kideek, eta asteartean izango dute hurrengo greba eguna ESK eta LABekoek. Azken bi sindikatu horiek gaur salatu dute sektorea «erabateko prekaritatean» dela.

Askotariko zerbitzuak eta erabiltzaileak ditu esku hartze sozialak. Batik bat jende zaurgarriarekin lan egiten dute —babesik gabe dauden adingabeak eta familiak, migratzaileak, droga menpekotasuna dutenak, adinekoak, buru-gaixoak, indarkeria matxistaren biktimak...—, baina aisialdi jarduerak ere antolatzen dituzte ludoteketan eta gaztelekuetan. Patronala ere askotariko entitateek osatzen dute —gobernuz kanpoko erakundeak, elkarteak, enpresak...—, baina Bizkaian bi taldetan elkartuta daude: Gizardatz eta Geroan.

Hain justu, negoziazioak eta akordioa «etengabe oztopatzea» leporatu diete langileek patronalei, eta horregatik elkartu dira gaurko ekitaldian: «Ezin da hirugarren sektorearen eguna ospatu langileei bizkarra emanda. Guk ez daukagu ezer ospatzeko». Asteartean izango dute hurrengo lanuztea, baina langileetako batzuk 24 orduko itxialdi bat abiatuko dute astelehenetik.

Finantzaketa sendo eske

«Gizarte zibila herrialde demokratiko baten arima baldin bada, hirugarren sektorea haren bihotza da», esan du Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak, museo barruko ekitaldian. 4.200 entitate, 45.000 langile eta 170.000 boluntario aritzen dira sektorean hiru lurraldeotan, jardunaldietan eman dituzten datuen arabera. Sareen Sarea elkarteak —sektoreko erakundeen hamazazpi sare biltzen ditu 2014tik—, halere, adierazi du «finantzaketa esparru egonkor eta sendo bat» behar dutela, eta «akordio politiko, sozial eta instituzional handiak» beharko dituztela sektorearen erronkei aurre egiteko; 2.000 milioi euro inguru kudeatzen ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.