Ereduen norgehiagoka, eskuinari arbuio eginez

Indarkeria matxista «lehentasunezko arazo politikoa» dela gogoratu du EH Bilduk, eta sozialistek eskatu dute emakumeen eskubideak «desagerrarazi» nahi dituzten alderdiei botorik ez emateko. EAJk dio igandean bi ereduren artean hautatu beharko dela.

EH Bilduren agerraldia gaur, Iruñean. EH BILDU
EH Bilduren agerraldia gaur, Iruñean. EH BILDU
Isabel Jaurena.
2024ko ekainaren 4a
20:00
Entzun

Herritar anitzek errepidean igaro dute gaurko eguna, eta berandu iritsi dira lantegira edo ikastetxera, laborarien mobilizazioak ondorio nabarmenak izan baititu Euskal Herriko errepideetan. Europako Parlamenturako bozen kanpainako mezuak, baina, ez dira autobideetan gelditu, eta garraioak, indarkeria matxistak eta lan arloak lekua izan dute gaurko ekitaldietan. Nork bere proposamena defendatu badu ere, gehienek bat egin dute arlo batean: eskuina eta ultraeskuina gogor kritikatu dituzte.

EH Bildu

«Mugimendu feministaren eskutik gure politika publikoen erdigunean kokatuko dugu indarkeria matxistaren kontrako borroka». Hitz horiekin abiatu du Oihana Etxebarrieta EH Bilduko kideak gaurko ekitaldia. Hautagaiaren erranetan, indarkeria matxista «lehentasunezko arazo politikoa» da, eta, hortaz, gogor kritikatu ditu bortizkeria hori ukatzen dutenak.

Gehitu du emakumeak ez ezik LGTBI kolektiboko kideak ere «gorroto mezuen biktimak» direla. «Azken egunotako Euskal Herriko adibideak dira Iruñean edo Amurrion ostadarraren koloreko bankuen aurka egindako bandalizazioak, edo Iruñeko taberna batean LGTBI pin bat duen pertsona bati sartzea debekatu izana. Halako gorroto adierazpenak gertatzen ari dira gure herrialdean, ultraeskuina pizten ari den indarkeria politikoaren babesean», borobildu du. Iragarri du neurriak paratuko dituztela martxan eraso horiei aurre egiteko.

Koalizio subiranistak Iruñean egin du goizeko agerraldia, eta Etxebarrietarekin batera izan da Zaloa Basabe zinegotzia. Hark irmo erran du «eskuin muturraren horma» izanen direla. «Euskal Herrian bezala, Europan ere EH Bilduri emandako botoak eskuin muturrari aurre egiteko eta hura geldiarazteko botoak izango dira, hauteskunde hauetan ultraeskuina benetako arriskua baita», zehaztu du. 

Arratsaldean, berriz, hainbat ekitaldi egin ditu EH Bilduk. Bertzeak bertze, Eibarren (Gipuzkoa) izan dira Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Arkaitz Rodriguez legebiltzarkidea. Basabe bezala, haiek ere eskuinaz eta ultraeskuinaz aritu dira. Kortajarenak salatu du alderdi horien murrizketak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pairatzen dituztela, osasun arloan adibidez. «Ezin dugu onartu gure etorkizuna eta datozen belaunaldiena eskuinek baldintzatzea», gehitu du. Rodriguezek, berriz, erran du eskuina gelditzeko modurik egokiena «ezkerreko politikak egitea» dela: «Ezin da ezkertiarra izan herrien autodeterminazio eskubidea defendatu gabe, herriek estatu bat izateko duten eskubidea defendatu gabe, gauza bera Palestinan, Katalunian, Eskozian, Flandesen, Korsikan eta Euskal Herrian», borobildu du.

Oihane Agirregoitia gaur, Donostian. EAJ
Oihane Agirregoitia gaur, Donostian. EAJ

EAJ

Gipuzkoako eta Nafarroako langile andana auto pilaketetan ziren bitartean, Oihane Agirregoitia CEUS koalizioaren zerrendaburuak «garraio eredu berria» izan du hizpide. Azaldu du haien helburua dela trenak garraio arloko «rol nagusia» betetzea, garraiobide horren «eraginkortasun energetikoagatik». Gehitu du pertsonak jarriko dituztela erdigunean, horien beharrak zainduz. 

Donostian egin dute jeltzaleek goizeko agerraldia, eta azaldu datozen bortz urteetan «garraio sistema azkarra eta integratua» eraiki nahi dutela: «Intermodalitate hori funtsezkoa da isurketa gutxiago izateko, gure enpresen logistika garestitzen duten eta haien lehiakortasuna zigortzen duten blokeoak gainditzeko, eta herritarrei zerbitzu berriak eskaintzeko, non eragiketa bakar baten bidez gure garraio beharrak konpondu ahal izango ditugun, bai pertsonentzat, bai salgaientzat».

Arratsaldean, berriz, Barakaldon (Bizkaia) bildu dira jeltzaleak. Agirregoitiak teknologia izan du hizpide, eta erran du Europara eramanen duten ereduan «pertsonak eta haien datuen babesa» izanen direla ardatz. 

Agirregoitiarekin batera izan dira Imanol Pradales EAJren lehendakarigaia eta Andoni Ortuzar EBBko presidentea. Pradalesek ereduen arteko talkan jarri du arreta, igandean bi ereduren artean hautatu beharko dela adieraziz: «Demokrazia eta askatasun gehiago izatea, edo muturreko alderdiei ateak zabaltzea». Alde horretatik, herritarren botoak «gauza asko» erabakitzeko balioko duela adierazi du, eta bozkatzera joateko deia egin: «Itxi diezaiogun atea totalitarismo eta populismo mozorrotuari».

Ortuzar ere gisa bertsuan mintzatu da, eta herritarrei eskatu die EAJren alde bozkatzeko. Izan ere, 160 proposamen zehatz egin dituztela gogoratu du, ez bertze alderdiek bezala: «EH Bilduk ez du Euskadi Europan kokatzeko ideia propiorik».

Elena Sancho, gaur. PSOE
Elena Sancho, gaur. PSOE

Alderdi sozialista

EH Bilduk bezala, sozialistek emakumeen eskubideetan jarri dute arreta. Elena Santxo PSOEren hautagaiak herritarrei eskatu die ez bozkatzeko «emakumeen eskubideak eta askatasunak desagerrarazi» nahi dituzten alderdien alde. Izan ere, aitortu du «lotsagarriak» zaizkiola Voxen «astakeria matxistak». 

«Sozialistok ez gara ezkutatzen, aurre egiten diegu PPri eta Voxi, eta esaten diegu inork ez duela gure ordez erabakitzen, ezin dizkigutela laneko eskubideak edo anbizioak kendu, eta, noski, indarkeria matxista existitzen dela eta aurre egingo diogula», gehitu du Santxok. Hortaz, «eskuineko politika zaharkitu eta ukatzaileen» ordez, sozialisten «neurri progresistak» defendatu ditu. 

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere egin ditu adierazpenak, eta gainerako alderdiak gogor kritikatu. EH Bilduri eta EAJri «beren obsesioei begira» egotea egotzi die, eurei soilik interesatzen zaizkien gaiez bakarrik mintzo direlako, eta ez herritarrentzat kezkagarri direnentzat. PPri «denak berdin dio», haren ustez, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea kargutik kentzea bertzerik ez baitute nahi. Sumar eta Podemos, berriz, «barne gatazkei» begira daudela adierazi du. 

Horiek hala, datorren igandeko bozetan sozialistak babesteko eskatu du, haiek direlakoan «ziurtasun bakarra Europa hobea eraikitzeko». 

PP

Kritikak alde guztietatik jaso badituzte ere, popularrek ohiko bideari eutsi diote, eta sozialistak eta jeltzaleak izan dituzte hizpide. Carlos Iturgaiz hautagaiak azpimarratu du Sanchezek «gaizki» kudeatu dituela Europako funtsak, eta ez diela erreparatzen «ez herritarrei ezta inbertsioei ere», bai, ordea, «[Carles] Puigdemontek Suitzatik dioen horri».

Gogoratu du EAJ «kudeaketa kaskar» horren «konplize» bertzerik ez dela, eta horrek badituela ondorioak: «Belaunaldi berrien lanak eta proiektuak arriskuan jartzen ari dira, Pedro Sanchezen gobernuaren kudeaketa, sozialistena, benetako hondamendia izan delako, eta hala delako oraindik ere, EAJko kideek aitortzen duten bezala».

Horren harira, beren eredua defendatu du: «Zerga jaitsierak, zerga pizgarriak, hobariak eta enpresentzako kenkariak, Europako funts guztiak betearazteagatik. Gai hori, jakina, ez zaio interesatzen ez Pedro Sanchezi, ezta haren gobernuari ere». Eredu hori gauzatu dadin PP babesteko eskatu du Javier de Andres taldeko buruak. 

Sumar

Gazteengan jarri du arreta Sumarrek. Zehazki, igandean bozkatzera joateko eskatu die, «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako araudiaren erdia Europako Batasunetik» datorrelako. Andeka Larrea Sumarreko hautagaiak Radio Euskadin egin ditu adierazpenak, eta langileen soldata igotzea defendatu du, patronalari «zipitzik eskatzen» aritu gabe.

Nabarmendu du giza eskubideetan eta askatasunetan oinarritutako Europa hori ez dela eraikiko «diskurtso populistekin». «Funtsean, ultraeskuineko diskurtso mozorrotuak dira, indar demokratiko guztien kezka izan beharko luketenak», gehitu du.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.