Atzerriko tituluen homologazioa Foru Hobekuntzan jaso nahi du Nafarroako Parlamentuak

UPNk proposatutako mozioa aho batez onartu dute. «Behar diren baliabide guztiak» jartzea galdegin diote Espainiako Gobernuari, espedienteak sei hilabeteren buruan bideratu ditzan.

PPko Javier Garcia eta Irene Royo eta UPNko Iñaki Iriarte, gaur, Parlamentuko osoko bilkuran. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
PPko Javier Garcia eta Irene Royo eta UPNko Iñaki Iriarte, gaur, Parlamentuko osoko bilkuran. MIGUEL OSES / PARLAMENTUA
joxerra senar
2024ko maiatzaren 2a
13:58
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren bidetik jo nahi du Nafarroak ere. Eusko Jaurlaritzak atzerriko tituluen homologazioaren transferentzia hitzartu zuen Espainiako Gobernuarekin, eta Nafarroako Parlamentuak berezko eskumen gisa jaso nahi du. Foru Hobekuntza berritzeko lantaldean aztertuko dute eskaera. Asmoa da behin hori gauzatu ondoren eskumena eskualdatzeko prozesua tramitatzea «ahalik eta azkarrena». 

UPNk proposatuta, mozio bat aztertu dute legebiltzarreko osoko bilkuran. Aho batez onartu dute mozioa. Hartan, Espainiako Gobernuari eskatzen diote «behar diren baliabide guztiak» jar ditzala, «gehienez sei hilabeteren buruan» ebatz ditzan atzerriko tituluak akademiak homologatzeko eskabideak. Mozioan gaineratu dutenez, legebiltzarreko Hezkuntzako Batzordean jarraituko dute epe hori aintzat hartzen.

PSNk zuzenketa baten bidez eskatu du tramite horien epea atzeratzeko, Espainiako Gobernuak 2024 amaierarako bideratu ditzan espedienteak. Gainerako taldeek ez dute aintzat hartu hori.

Iñaki Iriartek, bere mintzaldian, gogora ekarri du «ulertzeko oso erraza» dela mozioa aurkezteko arrazoia. Europako beste herrialdeetan azkarrago konpondu ohi dira titulu akademikoen homologazioak. Adibidez, Frantzian eta Alemanian «hiruzpalau hilabetean», Italian «hiru hilabetean», eta Portugalen «hilabete eta hiru hilabete artean». Haren esanetan, eskabideak atzeratzeak ikasketak dituzten migranteei eragotzi egin ohi die lan merkatuan sartzea eta baldintzak hobetzea.

Espainiako Gobernuak eskaerak sei hilabetean tramitatzeko konpromisoa hartu du, eta hala jaso du 889/2022 errege dekretuak. Alta, espedienteak pilatu egin direnez, horiek konpontzeko tramiteek «bi urtetik gora» iraun ohi dute. Iriarteren arabera, «oztopo lehiaketa bat» da.

Gestio zaila

PSNko Kevin Lucerok onartu dio Iriarteri eztabaida interesgarria dela. Azaldu duenez, homologazioaren kudeaketa «oso konplexua» da, eta PPren aurreko gobernuak ezarritako sistema «erabat zaharkituta» zegoen. Haren ustez, 2022ko dekretuari esker digitalizazioak prozedura azkartu du, eta azken bi urteetan %40 ugaritu dira onartutako espedienteak. Alta, dekretuaren ondorioz, espediente kopurua ere nabarmen handitu da (6.000, hilabetean). Espainiako Unibertsitate Ministerioan horiek aztertzeko langile kopurua %60 handitu bada ere, lan zama handia da. Luceroren arabera, maiz jatorrizko herrialdeetako burokrazia ere izan ohi da beste arazo bat. Hezkuntza Departamentuak galdegin dio ministerioari zenbat eskaera egin diren Nafarroan, baina ez du daturik eman.

Geroa Baiko Maria Solanak beharrezkotzat jo du homologazioaren zerbitzua Nafarroak bere gain hartzea. «Zergatik ezin dugu gauza bera egin Nafarroan?», galdetu du. Berriki urrats hori egin du EAEk—otsailean eman zen akordioaren berri, eta apirilaren 19an kaleratu zuen transferentziaren dekretua Euskal Herriko Agintaritzako Aldizkari Ofizialak—, eta espero da uztailaren 1ean indarrean sartzea. 

Horregatik, Geroa Baik hirugarren puntua txertatu dio mozioari, eskumen hori Foru Hobekuntzan jaso dadin. Talde guztiek ontzat jo dute, Voxek izan ezik —abstenitu egin da—. Luze joko du, baina. «Hilabete edo urteak», Solanaren hitzetan.

Azaroaz geroztik abian da Foru Hobekuntza berritzeko lantaldea, eta bertan aztertuko dute Nafarroako eskumenen artean jasotzea tituluak homologatzeko zerbitzua. Lantaldeak bere lana amaitzen duenean, ikusi beharko da zer gehiengo politiko dagoen. Dena den, ikusirik parlamentuak aho batez onartu duela hori, bederen transferentzia horren eskaerak bidea libre luke Nafarroan, eta baliteke Madrilek begi onez hartzea.

EAEko eredura begira, Solanak azaldu du kudeaketa konplexua dela, eta prozedurari buruzko batzorde bat eratu dela Hezkuntza Sailaren eta Unibertsitate Ministerioaren artean, espedienteei bide emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.