Madrilek kostu txikiko hegazkin konpainiak zigortu ditu, kabinako maletak kobratzeagatik

Ryanair, Volotea, Vueling eta EasyJeti 150 milioi euroko isuna jarri die Espainiako Kontsumo Ministerioak, inoizko handiena. Informazioa emateko orduan garden ez jokatzeagatik ere zigortu ditu.

Maleta bat, Loiuko aireportuan (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maleta bat, Loiuko aireportuan (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko maiatzaren 31
11:00
Entzun

Espainiako Gobernuak 150 milioi euro baino gehiagoko isuna jarri die Ryanair, Volotea, Vueling eta EasyJet aire konpainiei, txartelen prezioei kostu gehigarri bat ezarri dietelako hegazkineko kabinara maletak igotzeagatik eta haurrei eta mendeko pertsonei eserlekua aukeratzeagatik.

Facua eta OCU kontsumitzaileen elkarteek azpimarratu dutenez, bezeroen aurkako abusuzko jardunbideengatik gobernuak inoiz jarri duen zigorrik handiena da. Praktika horiek debekatuta egongo dira hemendik aurrera, baino ikusteko dago hala izango den, hegazkin konpainiek helegitea aurkez baitezakete, lehenik Kontsumo Ministerioan eta gero Espainiako Auzitegi Nazionalean..

Zigortu diren bost praktikak honako hauek dira: bidaiarien eskuko ekipajeagatik gehigarri bat kobratzea eta gauza bera egitea adingabeei eta mendeko pertsonei laguntzeko asmoz eserlekuak elkarren ondoan erreserbatzeagatik. Horrekin batera, zerbitzuaren azken prezioari buruzko informazioan gardentasunik ez izatea zigortu du gobernuak, aireportuan bidaiai txartela inprimatzeagatik kobratzea, eta horregatik eta beste zerbitzu batzuengatik eskudirutan ordaintzen ez uztea.

Ez da zabaldu konpainia bakoitzak zenbateko zigorra jaso duen, baina, kontsumitzaileen elkarteen arabera, isunik handiena Ryanairri jarri diote; hura izan zen lehen konpainia eskuko ekipajeagatik kobratzen hasi zena, 2018ko azaroan. Jarraian, Vuelingek jaso du zigorrik handiena, eta ondoren, eta alde handiz, EasyJetek eta Voloteak.

Kontsumitzaileen elkarteen salaketen ondorioz, Kontsumo Ministerioak espediente bat ireki zuen 2023ko ekainean, praktika horiek abusuzkoak edo desleialak ziren eta, oro har, indarrean dagoen araudia urratzen zuten ikertzeko. Hegazkin konpainiek azalpenak eman zituzten orduan, baina gobernuak ez ditu aintzat hartu.

Konpainiak: «Prezioak igo egingo dira»

ALA Espainiako hegazkin konpainien patronalak —enpresen %85 biltzen ditu— salatu du ministerioak ezarritako zigorrak «neurriz kanpokoak» direla. Kontsumitzaileei kalte egingo dietela uste du, «bakoitzak zehazki behar duena kontratatzeko aukera mugatuko duelako» eta bidaia txartelen prezioak igo egingo direlako. «Adibidez, gaur egun kabinako maletarik ez daramaten eta eserlekuaren azpiko eskuko ekipajearekin soilik bidaiatzen duten 50 milioi bidaiari inguruk ezingo dute ezinbesteko zerbitzuengatik bakarrik ordaindu, behartuta egongo baitira erabiltzen ez dituzten zerbitzuak kontratatzera. Horren ondorioz, beste destino batzuk aukeratuko dituzte», adierazi du erakundeak ohar batean.

Halaber, ALAk gogoratu du kabinan ekipajea eramategatik kobratzea herrialde askotan zabaldutako praktika bat dela, eta gaur egun hiru bidaiaritik bik oinarrizko tarifak aukeratzen dituztela, ekipajerik ez daramatelako. «Besteei maletagatik ez kobratzeak billeteen batez besteko prezioa garestitzea eragingo du».

Zigorrek lau konpainiari bakarrik eragiten diete, eta ALAk uste du horrek distortsioa eragingo duela merkatuan. Hori dela eta, jakinarazi du harremanetan jarri dela Europako Batasuneko Lehiaren Agintaritzarekin. Hegazkin konpainien elkarteak salatu duenez, ministerioaren erabakia «Europako araudiaren aurkakoa da; zehazki, 1008/2008 Erregelamenduan onartutako prezioak finkatzeko askatasunaren printzipioaren aurkakoa».

ALAk esan du Europako Batzordeak frankizia komunak edo eskuko ekipajeari buruzko estandarrak ezartzeko eskatu duela, eta konpainiak horretan ari direla azpimarratu du. Halaber, gogoratu du hegazkin konpainia guztiek onartzen dutela gutxieneko ekipaje bat eskuko ekipaje gisa, doan.

ZER DEBEKATU Dute?

  1. Hemendik aurrera ezin izango da kobratu hegazkinean eskuko ekipajea eramateagatik. Hori da gehien gertatzen den «abusua». Espainiako Kontsumo Ministerioak adierazi duenez, indarrean dagoen legedian eta jurisprudentzian oinarrituta, konpainiek hegazkinean eraman daitezkeen eskuko ekipajearen neurriak eta pisuak zehazteko eskubidea dute, baina ezin dute ekipaje horrengatik aparteko zenbatekorik kobratu.

  2. Ministerioak debekatu egin du eserlekua aukeratzeagatik kobratzea bidaiaria mendeko pertsonekin doanean, hala nola haurrekin. Esan du neurri horrek «babesgabetasun egoeran» utz ditzakeela pertsona kalteberak, eserleku bereiziak esleitzen bazaizkie.

  3. «Kontratuen informazioan gardentasunik ez» izatea zigortu du ministerioak. Hau da, egiaztatu du Internet bidez kontratatutako txarteletan hasieran azaltzen den prezioa ordainketa prozesuaren amaierakoa baino askoz txikiagoa izaten dela. «Merkataritza praktika desleiala da, eta kontsumitzaileei zaildu egiten die eskaintzak konparatzea eta erabakiak hartzea».

  4. Debekatu egin da aireportuetan billeteak erosterakoan eskudirutan ezin ordaintzea.

  5. Ministerioak «gaitzespen berezia» egin dio Ryanairri txartela paperean inprimatzera behartzeagatik eta hori aireportuan egiteko bidaiariei hogei euro kobratzeagatik. «Ontziratze txartela berriz inprimatzeagatik neurriz kanpoko kostua eskatzea gehiegizkoa da, ez baitator bat enpresak bere gain hartutako benetako kostuekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.