Alba Macreleko lanpostuak «arriskuan», enpresa konkurtsoan sartu ondoren

Taldeak 74 behargin ditu Sondikako eta Miranda Ebroko lantegietan. Zuzendaritzaren «utzikeria» salatu du langile batzordeak.

ALBA MACREL
Langileen protesta bat, Sondikako lantegiaren aurrean. LAB
jokin sagarzazu
2024ko ekainaren 12a
11:30
Entzun

Alba Macrel enpresako langileen etorkizuna arriskuan dago, duela hilabete pasa hartzekodunen konkurtsoan sartu ondoren. Hala jakinarazi du LAB sindikatuak. Eraikuntza sektorerako makineria egiten du enpresak: igogailuak, aldamioak, segurtasun sareak... Lantegiak ditu Sondikan (Bizkaia) eta Miranda Ebron (Burgos, Espainia) eta 74 behargin guztira.

LABen arabera, «ez da kasualitatea» egoera horretara iritsi izana. Azken urteetan zuzendaritzak «utzikeriaz» jardun duela salatu du, «oraingo erabakia aspalditik hartuta egongo balitz bezala». Apirilaren amaieran, Bilboko 3. zenbakiko Merkataritza Epaitegiak Alba Macrel Groupen hartzekodunen konkurtsoa deklaratu zuen, enpresak ezin baitzien hitzemandako ordainketei aurre egin.

Epaitegira bidalitako informazioaren arabera, azken hamar urteetan ez du irabazirik sortu, eta 12 milioi euroren galerak pilatu ditu. Bere funts propioak (kapitala eta erreserbak kontuan hartuta) hamalau milioi eurora murriztu dira, duela hamarkada zuenaren erdia.

Sindikatuak azaldu duenez, langile batzordeak urteak daramatza salatzen zuzendaritzaren jarrera, eta, bereziki, enpresaren etorkizuna bermatuko lukeen proiektu estrategikorik ez duela agerian uzten. Inbertsioak murriztu izana, makinen zaharkitzea edo merkataritza sailean baliabiderik eza jarri ditu adibide moduan. «Horrek guztiak ez digu lagundu merkatuan lehiakortasunez kokatzen eta etorkizunari baikortasunez begiratzen».

«Badu etorkizuna»

Enpresaren eta lanpostuen etorkizuna bermatzeko neurriak galdegin ditu LABek. Horretarako, ezinbestekotzat jo ditu «nahitaez etorkizunera begiratuko duen» industria plan bat eta bideragarritasun plan bat. «Egungo jabeei edo etor daitekeen erosleei argi esango diegu, Alba Macrelen etorkizuna bi planten bideragarritasunetik eta lanpostuen eta lan baldintzen mantentzetik pasatzen dela». Langile batzordeak hala jakinarazi die zuzendaritzari eta konkurtso administratzaileari. Horrekin batera ez dituzte mobilizazioak baztertzen, «enpresaren eta lanpostuen etorkizuna borrokatzeko».

LABen arabera, Alba Macrel sektoreko enpresa aitzindarietako bat da Europan. Bilbon sortu zen 1957. urtean, eta handik gutxira Sondikara joan zen; han du egoitza nagusia. 2000. urtean Miranda Ebroko lantegia ireki zuen.

Guztira, 22.500 metro koadro baino gehiago ditu, 14.000 metro koadro Sondikan eta 8.500 metro Miranda Ebron. Epaitegira bidalitako informazioan jasotzen denez, bere ingeniaritza propioa eta produktu guztiak bere instalazioetan fabrikatzeko eta makinak pertsonalizatzeko aukera ematen dion teknologia du, eta bezeroak ditu 77 herrialdetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.