Aurora borealak ikusi dira bart Euskal Herrian

Eguzki ekaitz batek sortu du aparteko fenomeno hau. Gaur gauean ere ikus litezke, nahiz eta zerua lainotuago egongo den.

Hondarribiko hondartzatik ateratako argazkia. IÑAKI LIZASO IBARGUREN / ARANZADI
Hondarribiko hondartzatik ateratako argazkia. IÑAKI LIZASO IBARGUREN / ARANZADI
Kristina Berasain Tristan.
2024ko maiatzaren 11
17:30
Entzun

Aurora borealek irudi ikusgarriak utzi dituzte bart. Euskal Herriko zeruak arrosa eta bioleta koloretako xingolaz pintatu ziren gau partean aparteko fenomeno horri esker. Aranzadik azaldu duenez, eguzkiak izandako ekaitz geomagnetiko bortitz batek sortu ditu aurora borealak latitude hauetan. Twitter kontuan eman du horren berri zientzia elkarteak; Iñaki Lizaso Ibargurenek Hondarribiko hondartzan ateratako argazkia ipini du sarean. Aranzadik eguzkiaren ekaitzaren beraren argazkia ere paratu du. Euskal Herriko leku ezberdinetatik fenomeno horren argazki ederrak ere partekatu dituzte hainbat lagunek. Zarautz, Berastegi, Ibarra, Hernani, Armintza, Murgia, Angelu, Sokoa, Ezbaka, Aralar, Ilunberri, Ekala... Ikusgarriena Gaztelugatxetik David de la Iglesia argazkilariak ateratakoa da. Itsasoa eta zerua, dena ikusten da arrosa, ortzi mugan argi hori-berdeak ikusten direlarik.

Atzokoa aparteko fenomenoa izan da; izan ere, iparralderago sortu ohi dira aurorak, bereziki Islandian edo Eskandinavian. Gaur gauean ere litekeena da aurora borealak egotea, baina zerua lainotuagoa egongo da. Aurora polarra gauez zeruan agertzen den distira edo lumineszentzia itxurako fenomenoa da. Ohikoena eremu polarretan agertzea da; hala ere, denbora laburrez munduko beste eremu batzuetan ere agertzen dira. Hori dela eta, «aurora polarra» edo «aurora polaris» deitu ohi zaio. Ipar hemisferioan aurora boreal izenaz ezagutzen dira; Hego hemisferioan, aldiz, aurora austral bezala. 

Berez eguzkitik datorren partikula sorta bat da. Eguzki haizea lur magnetosferaren hego edo ipar poloekin kontaktuan sartzen denean sortzen da: argi lausoa izaten da. Protoiak eta elektroiak poloetara hurbiltzen dira, eta partikula horiek oxigeno eta nitrogeno atomo eta molekulekin talka egiten dute, atomo horiek guztiz kitzikatu arte. Hainbeste kitzikatzen dira molekulak, non geroago erlaxatzen direnean energia argi ikusgai moduan igortzen baitute.

Europa osoan

Europa osoan ikusi dira bart aurora borealak. Astronomoek iragarri zuten eguzkiaren ekaitz bortitzak espero zirela eta aurreikusi zuten hainbat eta hainbat lekutan, hegoaldean, fenomeno hau ikusiko zela. Sistema elektrikoetan arazoak sortzeko arriskuaz ere ohartarazi zuten. Astronomia adituek historikotzat jo dute aparteko behaketa, ez baita ohikoa latitude hauetan aurora boreal bat ikusi ahal izatea. Virginia Garcíak Aranzadiko Astronomia Sailekoak azaldu zuenez, eguzkiak jarduera zikloak ditu, eta, gaur egun, eguzki jarduera honen gailur gorenera hurbiltzen ari gara: «Ohikoa da eguzki orbanen talde handiak ikustea, baita eguzki diskoan protuberantziaren bat ikustea ere, baina ez da bart ikusi genuen bezain ohikoa eguzkia ikustea, orban oso aktiboz osatutako talde batek azken 20 urteetako ekaitz geomagnetikorik handiena eragin baitzuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.