Asteburuko proposamenak

Arroz zaporeak Bilbon

Munduko Arrozak egitasmoak 21. aldia izango du larunbatean. Askotariko egitaraua antolatu dute: arroz lehiaketa, umeentzako jolasak, kultur ekitaldiak...

Bilboko Munduko Arrozak lehiaketaren iazko irudi bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilboko Munduko Arrozak lehiaketaren iazko irudi bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maixa Utrera Puelles.
2024ko ekainaren 13a
05:00
Entzun

Kulturen arteko harremana bultzatzea du xede Munduko Arrozak jaiak sortu zenetik. Arroza aitzakia, han eta hemen jaiotako pertsonen arteko topaketak antolatu dituzte azken hogei urteotan, «kaleak okupatu, kozinatu eta auzoek instituzioengandik jasaten duten baztertzea salatzeko». 

Aurten 21. aldia izango du egitasmoak, eta, urtero bezala, askotariko egitaraua antolatu dute. Goizean goiz bilduko dira Bilboko Mariaren Bihotza plazan, eta gastronomia lehiaketan parte hartzeko mahaiak eta aulkiak banatuko dizkiete. Iaz bezala, 3.000 lagunek eman dute izena 111 taldetan. 

Dena, baina, ez da su artean gertatuko. 11:00etan umeentzako jolasak eta kultur emanaldiak hasiko dira. Ordu horretan bertan hasiko dira parte hartzaileak arroza prestatzen.

13:00etan aniztasunaren aldeko kalejira aldarrikatzailea egingo dute San Frantzisko auzoko kaleetan barrena. Izan ere, Munduko Arrozak festa bat da, baina erreibindikaziorako tresna bat ere bai. «Gure kaleak okupatu eta berreskuratu nahi ditugu, jasaten dugun bazterketa salatu nahi dugu, eta jatorri ezberdineko pertsonen arteko bizikidetza defendatu», aldarrikatu dute egitasmoaren antolatzaileek. 

Arrozak batuko du herria

Herri ekinaldi guztiek bezala, Munduko Arrozak-ek ere herriaren parte hartzean du oinarria. Antolaketa eta programa herritarren esku daudela adierazi dute antolatzaileek. Hori bai, muga gorri batzuk izango ditu festak: «Egin kantu, egin dantza, aldarrikatu, eskatu, jan, edan... Dena da zilegi. Indarkeria, xenofobia, ekintza sexistak eta homofoboak izan ezik». 

Herriaren esku dago dena, baita finantzaketa ere. Jaiak ez du jasotzen erakunde publiko edo pribatuen laguntzarik. Mahaiak, aulkiak, propaganda eta ekintza guztiak aurrera eramateko behar den azpiegitura Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako taldeen koordinakundeak ordaintzen du, gizarte ekinbideko beste kolektiboen laguntzarekin. Finantzaketan laguntzeko, txartelak, bonuak, pegatinak, azulejuak, txapak, amantalak eta beste hainbat material eros ditzakete herritarrek. «Horrela, festa hau datozen urteetan ere egin dadin sustatu eta bultzatuko duzu».

13:30ean su artean egindakoa ikusteko eta dastatzeko unea helduko da. Parte hartzaileek euren arroz platerak aurkeztu beharko dituzte. 14:30ean herri bazkaria egingo dute, eta, bazkalondoan erabakiko dute zein izango den gastronomia lehiaketaren 21. aldiko irabazlea.

Egun osoan alde batetik bestera ibiltzea gomendatu dute antolatzaileek, ezertxo ere ez galtzeko eta harreman berriak sortzeko: «Ez egon geldi zure mahaian; jar zaitez harremanetan, saia zaitez zure ondoan dauden pertsona eta taldeak ezagutzen». Horrela, arroza auzoko errealitatearen ikurra izango da, eta sukaldaritza lehiaketan erabili behar den produktu nagusia baino askoz gehiago izango da. Arrozak batuko du herria, eta, herriarekin batera, horrek biltzen dituen kultura eta altxor aniztasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.