Lide Hernando.

Kimonoak eta gurutzeak

2024ko maiatzaren 14a
05:00
Entzun

Badirudi azkenaldian oso japonofiliko nabilela —bai, kostatu zait izen hori topatzea Interneten, baina nire usteak baieztatuz, badirudi japonofilia existitzen dela—: liluratu ninduen Tokyo Vice telesailaren inguruan hitz egin nizuen aurrekoan, eta, aipatu ez dizuedan arren, Ghibli Studioaren oso jarraitzaile naiz —nor ez da?—. Gaurkoan, Japoniari buruzko telesail berri bat gomendatu nahi dizuet, beraz: Shogun. Disney+ plataforman topa dezakezue, eta kontuz: aipatu bezala, Japoniari buruzkoa da, baina ez da ekoizpen japoniarra, kanadarra baizik.

XVII. mendeko Japonia ezagutzeko aukera ematen digu Shogun telesail laburrak. Antza denez, mende horretan Portugalgo inperioak kolonia katoliko txiki batzuk zituen bertan, eta, beraz, ohikoa da telesail honetan kimonoz jantzitako eta lepoa gurutze kristauez apaindutako biztanleak topatzea. Shogun-ek hiru pertsonaia nagusiren istorioa kontatzen digu: portugaldar katolikoak suntsitzeko asmoz barkuan iritsitako John Blackthorne ingeles protestantearena; Japoniako agintariaren hilketaren ostean, beste lau buruzagi politikoak kontra dituen bosgarren buruzagi Toranagaren ihesaldia; eta ingelesaren itzultzaile izateko agindua jaso duen Mariko emakume misteriotsuarena, zeinak, dohain paregabeak izateaz gain, sekretupean gorde beharreko familia-desohorea pairatu duen.

Arreta berezia merezi du telesailean Blackthorne ingelesaren begietatik ikusita japoniar ohiturek suposatzen duten talkak. Tokyo Vice-n gertatu bezala —kasu honetan iraganera salto eginez, gainera—, Mendebaldeko ikus-entzuleoi bortitza egingo zaigu haien mundua ulertzeko era: ohorearekin duten harreman kasik toxikoa, hitzari ematen dioten balio neurgaitza, askatasun indibidualari eta bizitzari dioten erdeinua. Ordea, beste kasu batzuetan nabaria izango da munduaren eremu horrek gurearekiko duen abantaila: garbitasunean eta elikaduran, kasurako. Telesailean protagonismo handia duten gerrarako taktiketan ere, ezberdintasun nabarmenak izango dira kulturen artean.

Herrialde okzidental batek Japoniari buruzko telesail bat ekoiztea kritikagarria izan daitekeen arren, egia da 2024ko lan honek iritzi baikorrak jaso dituela aditu japoniarren eskutik. Nik, behintzat, euren irizpidean jarriko dut konfiantza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.