a20 - Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Publizitatea

Elkarrizketak

Bixente Serrano Izko

Bixente Serrano Izko

Geroa Bai-ren hautagaia

2015-12-18 - 11:00

Kongresurako zerrendan aurkeztuko da Bixente Serrano Izko.

 Erantzundako galderak

9

G. Amaitu da elkarrizketa digitala, eta honekin BERRIAk aurtengo kanpainan egin duen elkarrizketa sorta. Mila esker Bixente galderak erantzuteagatik, eta mila esker irakurleei ere galderak egin eta elkarrizketa bera irakurtzeagatik. BERRIA

E. Milesker guztioi, zuen galderengatik. Espero dut baleko erantzunak eman izana, gero zuetako bakoitzak erabakitzeko. Besarkada bat guztioi

8

G. Kaixo Bixente. BIzitza osoa daramazu Euskal Herriaren alde borrokan. Ez zara nekatzen? Jose Mari Berrio

E. Kausa justu eta onen alde lan egitea, bizimodu bat da. Bizitza bera. Ez dakit bertzela mereziko lukeen. Milesker, Jose Mari!

7

G. Kaixo Bixente. Zer defendatu dezake Geroa Baik Madrilen EH Bilduk defendatuko ez duena? Mila esker. Izar Garces Olea

E. Gauza askotan ados egotea espero dut. Baina Nafarroari begira, nafarrok subjektu politiko gisa, nik uste askoz garbiago ikusten duela jendeak Geroa Bairen apustua. EHBilduren apustua ez dago Nafarroan zentraturik (ez dut erraten kritika gisa, konstatazio gisa baizik), eta ene ustez garu gaurkoz Nafarroan bertan zentratu behar dugu geure apustua.

6

G. Aupa zu Bixente! Nolakoa izan da Espainiako Kongresoan bizi izan duzun esperientzia? Zer esaten dizute han Uxue Barkosetaz? Animo eta segi hor! Jose Miguel Inbuluzketa

E. Beldurrez joan nintzen, bai horixe, baina guztiz prest ene indar eta ahalmen guztiak horretan xahutzeko. Izugarrizko begirunea, Uxuerekiko, adierazi didate (ia) guztiek Kongresuan, talde guztietako jeneren aldetik. Nik oso laguntza ona izan dut Madrilen eta Kongresuan moldatzeko, eta uste dut ene neurrian bete egin dudala nire konpromisoa. Mila esker, Jose Miguel!

5

G. Kaixo Bixente. Alde aurretik mila esker erantzuteagatik. CISen inkestak zioen Geroa Baik galdu ahal zuela azken hilabeteetan Kongresuan zuk izan duzun eserlekua. Zer sinesgarritasun ematen diozu? Etsigarria eginen litzaizuke? Graxi Ajona

E. Bi urtetik hona, horrelako inkestak egiten dituzten profesional serioenek aitortzen dute gauzak asko aldatu direla, ez bakarrik hemen, Europa osoan ere, eta haien inkesten datuak lantzerakoan ez dutela jada aurreko urteetan zituzten erreferentziak. Horrela, azkeneko bi urteetan inoiz baino gehiago huts egin dute euren pronostikoetan. Are gehiago ikertzeko eremua (Nafarroa kasu) zenbat eta txikiagoa izan, hainbat eta errore-marjin handiagoa. 2011an inork ez zigun eman eserlekurik euren pronostikoetan, eta lortu genuen. Aurten baino zailagoa genuen orduan (marka berri eta ezezaguna, Nafarroa Bairen krisitik aterata...), baina lortu genuen. Konfiantza osoa dugu lor dezakegulakoan aurten ere.

4

G. Nik EAEko EAJ zentroeskuinan kokatzen dut. Geroa Bai, berriz, nik pertsonalki zentroezkerrean kokatzen ditut. Badakit Geroa Bai ez dela bakarrik EAJ, baina Nafarroa (Garai)ko EAJ hor dago baita ere. Ze ideologiarekin (ezkerretik eskuinera) identifikatzen da Geroa Bai bere osotasunean edo ze ideologiatan kokatuko zenuke zuk? nafarroako6merinaldeak

E. Inkesta guztietan jendeak ezkerrean kokatzen du GB. Nik neure burua ere bai, inolako dudarik gabe. EAJ baldin badago GBn ez da GB EAJren halako marka zuri bat delako, hor gaudenok akordio sendo batzuk egin genituelako, aspaldin, jada Nafarroa Bai sortu zenean, eta hor bazeuden bertze alderdi batzuk, gero erabaki zutenak bertze lekuetara joatea (Ezke Batuarekin, EHBildurekin), eta horietako batek ere ez zuen erran EAJ zegoelako alde egin zutenik: bertze arrazoi batzuk, (ideologikoak baino gehiago estrategikoak, nik uste) zeuden. Gero, Nafarroa Bairen izpiritu harekin jarraitzea erabaki genuen Geroa Baikook, egokiena zelakoan nafar gizartearentzat.

3

G. Geroa Bai izan da urteotan UPNren hizkuntza politikek izan duten oposizio nagusietakoa. Kanpainaren atarian Lesakan Geroa Baiko udal taldeak euskara planarekin eta Uemarekin egin duena ikusita, eta Geroa Baik Iruñetik adierazpenik egin ez duela ikusita, zer mezu helarazi die koalizioak Nafarroako herritarrei? Eta, bereziki, aldaketarekin hain itxaropentsu agertu diren euskaltzaleei? Aritz

E. Ezin dut nik erantzunik eman horretaz. Udalerrietan, bakoitzean daudenek jakinen dute zergatik erabaki duten hori, baina ez dut uste euskararen erabilera eta garapenaren kontra daudelako denik.

2

G. Zergatik Senatura beste indar batzuekin (Bildu, Podemos eta Ezker Batuarekin) eta Kongresura bakarrik? Zein da arrazoia? Aukerarik egon al zen Kongresura beste koalizio batean joateko? Eneko

E. Botoa emateko sistema desberdina da. Zerrenda irekiak Senaturako, eta itxiak Kongresurako. Senatuan, horrela bada, aukera dugu aldaketaren aldekoek hiru eserleku lortzeko. Kongresurako, aldaketaren aldeko lau indarrek baditugu botoemaile posible askok botoa emanen ez luketeenak hautagaitza bateratu bati: GB-EHBildu (eta alderantziz), EHBildu-AhalDugu (eta alderantziz), en fin nahibertze konbinaketetan. Bakoitzak bere botoemaileei begira, gaur egun Nafarroan, emaitza hobeagoak lor ditzakegula guztira uste dut nik.

1

G. Uste al duzu Espainiako urrengo gobernuak serio hartuko dituela Nafarroan erabakitzen diren neurriak? Hala bada, nola berma al dezake Geroa Bai-k nafarrok erabakitakoa Madrilen beteko dutela? Eskerrik asko, Bixente.

E. Barkatu, ene hirugarren saioa da erantzun hau emateko, aurreko biak galdu direlako. Erantzuna: zein den hurrengo gobernua. PP berriro ere sartzen bada, eta batik bat Ciudadanosekin sartzen bada, zailago izanen dugu nafarrok. Baina edonola ere, entzun, entzun beharko dituzte nafarron ahotsak (horrela, pluralean).

Emaitzak

Herrialdeka

Herriz herri

Mapa interaktiboa

Emaitzen mapa interaktiboa

Emaitzen mapa interaktiboa

Gehigarri berezia

Hautagaiak Euskal Herrian

Hautagaiak Euskal Herrian

Publizitatea