Martxan dago Euskaraldia, hizkuntza ohiturak aldatzeko egin den ekintzarik handiena. 196.000 lagunek eman dute izena; emakumeak dira hirutik bi. Erronka «pertsonala eta kolektiboa» izatea nahi dute.
Bihar hasiko da Euskaraldia. Milaka lagunek eman dute izena, baina benetako erronka orain dator, koordinatzaileak ohartarazi duenez: "Orain tokatzen da izena eman dugun horrekin koherente jokatzea".
Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan euren herrian zer gertatuko den ikusteko irrikaz daude antolatzaileak. Balorazio positiboa egin dute orain artekoaz, eta uste dute aurrera begirako oinarriak jarriko dituela.
Euskaraldiak nola eragiten duen ikusteko, ikerketa bat abiatu du Soziolinguistika Klusterrak. Hizkuntza ohiturak aldatu ote diren jakin nahi dute. Parte hartzaileei galdetegiak bidaltzen ari dira, ahalik eta datu gehien jasotzeko.
Administrazioentzat "akuilua" izango da Euskaraldia, Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuak dioenez. Euskalgintzaren eta instituzioen arteko elkarlan giroa goratu du: "Elkarri begiratu diogunean sinetsi dugu benetako aukera zegoela elkarrekin lan egiteko".
'Udalerri euskaldun' izendatzen dira herritarren %70 baino gehiago euskaldunak dituztenak; Euskaraldia erronka da horietan ere, zeregina franko baitute oraindik ere.
Euskaraldiaren sustatzaileek oztopo gehiago dituzte euskarak presentzia txikia duen herrietan taldeak osatzeko eta egitarauak prestatzeko. Ilusioz ari dira, ordea: uste dute 11 egun horiez harago «urte osorako hauspoa» izanen dela Euskaraldia.