OLATZ MITXELENA debeda

Trukeak

2024ko uztailaren 7a
05:10
Entzun
Olatz Mitxelenaren 'Trukeak' narraziorako ilustrazioa
EXPRAI

Ados zeuden. Gustatzen zitzaien. Interesgarria iruditzen zitzaien semearentzat ere. Aberasgarria. Merkea. Baina.

Baziren hiru urte oporretara joateko etxe-trukea egiten hasi zirela. Lagun batzuei hartu zieten ideia. Aukera paregabea iruditu zitzaien. Aldi berean egin zezaketen trukea, edo garai ezberdinetan; komeni zitzaien eran. Erromako familiaren etxera joan zitezkeen lehenengo, eta beren etxean inor hartu ez; hurrengo oporraldian Amsterdamgo etxera joan berak, eta beren etxean Erromako familia hartu; Erromakoarenera Florentziako familiaren bat joango zen beharbada, edo Baigorrikoren bat, auskalo. Munduaren zati bat sinkronizatuta tarte batean. Ederra. Baina.

Krakoviako etxetik bueltatu zirenetik sumatzen zuen berak zerbait. «Zerbait, zer?», «Ez dakit, ba… zerbait». Kosta egin zitzaion zehaztea. Aldatuta, diferente, hozberago, halako ezinegon bat tarteka, despistatuago bezala.

Hura lehenengoa izan zen. Oporraldiz oporraldi aldatu egin zuen zehaztasuna. Aldiro aldatuta sumatzen zuen diferentzia. Memoria egiten hasi zen, diskurtsoari koherentzia pixka bat bilatzen, ematen. Detaileak falta zitzaizkion baina tesia argi samar zuen: etxe-truke bakoitzetik ezberdin bueltatzen zen. Halako bestetasun bat sumatzen zuen.

Nola esan. Ezagutzen ez zuten familia baten etxean bizitzea beste baten zapatak jantzita ibiltzea bezalakoa zen, nolabait: neurrikoak izanda ere, beti izaten dute gehiegi zanpatutako guneren bat, estuegia edo zabalegia den alderen bat, deserosoa egiten den formaren bat. Aste bat, bi aste ziren gehienez, baina dena zen besterena: besteren mahaia, besteren katilua, besteren dekorazioa, besteren antolaketa, besteren maniak.

Ohitura zuen berak. Truke-etxera iritsitakoan, hangoen oinetakoak miatzea. Estiloa hartzeko. Etxekoak irudikatzeko. Elkartu gabe elkartzen zituen leku hari neurria hartzeko. Probatu egiten zituen gustukoren batzuk ikusiz gero. Kalera ere atera zen inoiz, zapata berriak estreinatzen dituenaren ilusioz.

Ongi zekien. Ongi zekien neurrikoek ere min ematen dutela azkenean.

Ongi definitzen ez zekiena zerbait hura zen. Alde batetik, oinetako estuegiak kendutakoan sentitzen den lasaitasuna sumatzen zuen beren etxera iritsitakoan. Nork sofaren bere aldea, sukaldeko labana zorrotz, leihotik sartzen den paisaia, baldosen kolorea, uraren gustua. Dena berena. Arindua ez zen, ordea, erabatekoa. Zer edo zer sumatzen zuen diferente. Herren txiki bat, bat-batean. Estuegiak ziren sukaldeko kaxoiak, eta leku gehiago behar zuten, beste apalategi bat-edo; itoegia zen giroa, eta leihoak ireki beharra zuten, haizea falta zen; edo itxi, dena itxi, hau da hau etxe ospela; musika-aparatu bat falta zitzaien eta disko onak, musika ona; paretek kartoizkoak ziruditen, zer ziren bizilagunen zarata horiek denak? Lehen ere hala zen eta ez ziren enteratzen, ala bizilagunak aldatu zitzaizkien? Oporraldiaren aurretik sumatu ere egiten ez zituen gauzek molestatu egiten zuten bueltan.

Minbera zuen oinazpia, zauria orpoaren goialdean, belztuta behatz lodiko azkazala.

Etxean aldaketaren bat edo beste eginagatik ez zen joaten, ordea, zera hura. Barruan zuen herrena. Sinkronizatutako munduaren parte izateak ez zion onik egiten. Barrua desinkronizatzen zion.

Edo gehiegi sinkronizatu, beharbada. Horretaz konturatu zen pixkanaka.

Krakoviako emakume despistatu itxurakoarenak behar zuten bat-bateko despiste haiek: labea piztuta uztea, semea hamaiketakorik gabe bidaltzea ikastolara, laneko bileraren ordua nahastea, batez ere zerbait garrantzitsua ahazteko beldurrez ibiltzea etengabe. Hori berria zuen.

Erromatik bueltan sumatzen hasi zen jarrera errebeldeek hango etxeko emakume punkarenak izateko itxura zuten: desadostasunak adierazteko bulkada handiagoa sentitzen zuen, gutxiago axola zitzaion ondokoek berataz zer pentsatuko zuten, garrasi egiteko gogoa etorri zitzaion tarteka, egin egin zuen behin edo behin.

Zorrotza ematen zuen Marseillako etxeko gizonak. Oinetakoek eman zioten atentzioa lehenengo: hain distiratsu, hain larruzko, hain berri denak. Izan zitekeen besterik gabe elegantea, ordenatua, txukuna. Baina logelako armairua miatu zion gero; sukaldekoak, trastelekua, komuneko toallak. Zer ez zegoen ordenatuta. Dena zen antolaketa eta logika; ausazko ezer ez zegoen etxe hartan. Argibideak utzi zizkien etxetresna bakoitzarentzat (ura irakitekoarentzat ere bai, purea egitekoarentzat ere bai). Denak zuen oharra. Dena zen agindua. Oporraldi hartatik bueltatuta, ohi baino gehiagotan ateratzen zitzaion agintera; gauzak egiteko modu bat ikusten zuen argi, eta sinetsita zegoen besteek ere halaxe egitea zutela onena; argibideak ematen zizkien despistatu ez zitezen; kargu hartu, zerbait lehengo lekura bueltatzen ez bazuten. Lagun bat edo beste haserretu zitzaizkion garai hartan. Ingeleseko klaseetan eta gimnasioan eman zuen izena.

Hariak lotzen eta azken urteetako aldaketak errepasatzen hasi zenean, beldurtu egin zen. Besteren etxean pijama eta kuleroren batzuk ahaztuta etortzea, tira. Deskuidatuta handik galtzerdiren bat edo toallaren bat ekartzea ere, tira. Baina hura? Zer zen besteren tasunak eta keriak bereganatzeko gaitasun hura? Zer mimetismo klase? Nola zen posible?

Behin-behinean, etena eskatu behar zion senarrari: aurten etxe-trukerik ez; bestelako oporraldi bat. Itsas bidaia bat, probatzeko; edo bi aste Landetako kanpin batean: bizikletan ibili, hondarretan gazteluak egin semearekin, oilaskoa erre parrillan eta lepoa eguzkitan. Salouko hotel bat, bestela, pultseradun horietakoa: igerilekua, pareoa eta mojitoa. Ez zuten sekula halakorik egin. Ez zitzaion gustatzen. Ez zitzaion interesgarria iruditzen. Ezer pobreagorik. Garestia, gainera. Baina.

OLATZ MITXELENA

(Oiartzun, Gipuzkoa, 1989)
Filosofian lizentziaduna da, eta Literatura, Artea eta Pentsamenduko masterra egina du, baita Idazle Eskola Graduondokoa eta Euskal Kultur Sorkuntza eta Kritika Feminista Graduondokoa ere. Igartza beka irabazita, Arrain hezur bat eztarrian ipuin liburua (Elkar) kaleratu zuen iaz. Marina Garces filosofoaren Filosofia amaitu gabea euskaratua du, eta Jakinek argitaratu zuen 2022an.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.