Osasuna. Adimen emozionala

Indarkeria

Jon Berastegi.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Indarkeriak gero eta presentzia handiagoa du gure gizartean, eta are gehiago, jokabide bortitzetara ohitzen hasi gara zoritxarrez. Emakumeen kontrako tratu txarrak gero eta ugariagoak dira, eta, ondorioz, gero etaemakume gehiago hiltzen dira.

Mundu osoko emakumeek pairatzen duten indarkeriak hausnarketa serioa egitera bultzatu behar gaitu. Izan ere, sarritan, mota honetako indarkeria normaltzat eta naturaltzat jo izaten da, gizabanakoen kultura, ohitura eta harremanen parte bihurtuz eta, horrenbestez, ikusezina eginez. Boterean eta desberdintasunean oinarritutako harreman benetan asimetrikoak agerian uzten ditu hausnarketa horrek, eta ez hori bakarrik, baita hezkuntza arloan dauden gabeziak ere, bai arlo formalean, bai informalean ere.

Horiek horrela, arlo publikoan, sozialean eta politikoan kontuan hartu beharreko auzia da emakumeen kontrako indarkeria, eta ezin da alde batera utzi alde horretatik hezkuntza arloak jokatzen duen rola.

Izan ere, emakumeen kontrako bortizkeria larria dela eta, eskolak errealitate tragiko horri heldu behar dio nahi eta nahi ez. Horretarako, eskolak trebetasun emozionalak zaindu eta garatu behar ditu, bai arlo pertsonala eta bai arlo soziala kontuan hartuz, eta jarduera intelektualaren osagarri bihurtu.

Ezinbestekoa da Hezkuntza Emozionala sustatzea haurraren lehenengo urteetatik. Modu horretan, heldutasunera egiten duen bidaian zehar haurraren mundu emozionalean parte hartu ahal izango dugu.

Autokontrola, autoefikazia emozionala, autoestimua, pertseberantzia edota enpatia bezalako oinarrizko trebetasun emozionalak ikastea ezinbestekoa izango da bizitzako trebetasunak eskuratzeko eta, aldi berean, nahasketari eta indarkeriari aurre egiteko. Emozioen boterea ezkutatu edota iluntzen duen hezkuntzak miopia sentimentala eragingo du poliki-poliki, eta baliteke gerora berau itsutasun emozionala bihurtzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.