ZUZENDARIARI

«'Zorras'»

Maribi Urkola Tapia.
Gasteiz.
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Zorras!» (Putak!), halaxe iraindu gintuen gizonezko batek joan den apirilaren 4an bere bikoteak eraildako emakumearen heriotza salatzeko manifestazioan gindoazen emakume guztiak.

Gizonezko hori Gasteizko Bake kaleko zortzigarren atariko bigarren pisuko etxebizitza bateko gortina eta pertsiana atzean ezkutatuta zegoen «zorras (putak)»; handik egiten zuen oihu, lotsagabe eta koldar. Eraso matxista horrek jota eta harriturik utzi gintuen han geunden gizon eta emakumeak, jarrera misogino eta gaizto hura ulertu ezinik, are gehiago, hilketa bat salatzen ari ginela kontuan izanik. Nonbait, gutxi iruditzen zitzaion emakume bat akabatzea! Basapiztia behar du izan: manifestariak ez ezik, eraildako emakumea bera ere iraindu zuen!

Okerrena izan zen erasoari aurre egiten ez genuela asmatu, izan ere, bakarren batzuek, eta apaltasunez, gaitzetsi zuten haren jarrera. Gizartean «intentsitate txikiko» portaera matxista horiekiko dugun bigunkeriaren, arinkeriaren eta pasibotasunaren erakusle da? Baliteke. Ohitu egin gara —eta gaituzte— larritasun handiko gertaeren aurrean soilik asaldatzen. Bitartean, lasai egoten gara matxismoa beste garai edota kultura batzuetako kontua delakoan: hildakoa gaztea zen, baina kanpokoa! Hor dago koxka!

Erakundeen jarrerak hori bera erakusten du: askotan sentsibilizazio-kanpaina itxurazaleak eta manipulatzaileak bultzatzen dituzte, axolagabe. Arabako Aldundiaren «Zero Tolerantzia», kasurako; beste batzuetan, oraingertatu den bezalaxe, ez ikusiarena egiten dute, hilketa gutxietsiz. Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak (Emakunde) hilketa izan eta bost egunera deitu zuten elkarretaratzera, oporraldia baitzen. Antza, kontua ez da horren garrantzitsua. Hilketa matxista batek botoak jasotzeko ere ez du balio. Gainera, etorriko dira erailketa gehiago; izan ere, Euskadiko lehena da hau. Beste terrorismo bat balitz, pentsaezina zatekeen halako axolagabekeria, noiz eta hauteskunde garaian!!

Manifestazio amaieran, gizonezko bat kexatu zen, aldarrikapen feministen artean gizonen ahotsari tartea ez zitzaiolako eskaini. Iritziak iritzi eta inor baztertu nahi gabe, nire ustez, salagarriagoa da: gizonen geldotasuna eta ezaxolakeria —gizarteko esparru guztietan— berdintasuna eta maskulinotasun berriak aldarrikatzeko garaian, bai banakako urratsak eginez, baita giza-talde gisa ere. Ez al dira esparru gehienetako jaun eta jabe?

Gogora datorkit 2011n tratu txarren inguruan magistratu batek emandako epaia: senarrak «zorra» ez omen zion esan emazteari esan iraintzeko asmoz, esamoldearekin animaliaren azkartasuna goraipatu nahi zuela adierazi zuen. Ikusten? Azeria beti azeri. Bien bitartean, hortxe gabiltza Zero Tolerantzia —jakina, burkari—gora eta behera. Harro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.