Ezusteko tristea Malagan. Gertakariak herritarrak asaldatu ditu. Sur egunkariak kaleratu du albistea. «Zer egiten ari da iragarki bat katalanez Larios kalean?», galdetu du hedabideak. Solaris Sunglassek egin du heriozko bekatua, eguzkitako betaurrekoak saltzen dituen dendak: katalanez idatzitako publizitatea jarri du Andaluziako hiriko bihotzean: Descomptes fins al 50%. Les rebaixes més refrescants. Enpresak segituan zuzendu du. «Produkzio arloaren huts bat» izan omen da. Ez du inor «iraindu» nahi izan. Salaketa egin, eta ordu batzuetara desagertu da katalana iragarkitik. Egunkariak ez du iradoki sunglass hitza kentzea edo itzultzea. Zertarako? Malagar guztiek dakite sunglass eguzkitako betaurrekoak direla. Les rebaixes més refrescants zer den, ordea, ez.
Batzuen ustez, onartezina da espainiar estatuko hizkuntza ofizialetako bat Espainiako mugen barruko publizitate-euskarrietan agertzea. Kataluniatik kanpo katalanez zerbait jartzeak espainiarrak irain ditzake. Ingelesez, alemanez, frantsesez, tagaloz edo islandieraz idazteak, aldiz, ez.
«Zer egiten ari da merkealdiak euskaraz iragartzen dituen kartela Donostiako Askatasunaren hiribidean», pentsatuko zuten moda-denda kate espainiar baten arduradunek duela urte batzuk, saltokia Gipuzkoako hiriburuan jartzea erabaki zutenean. Eta enpresaren administrazio kontseiluari esan zioten beste enpresa asko egiten ari zen hutsa ez errepikatzeko. Merkealdia euskaraz ez iragartzeko. Ez zituzten euskaldunak mindu edo iraindu nahi.
Izan ere, lurtar aberatsenak gara euskaldunok. Ez dugu merkealdirik behar. Ez dugu arazorik inork baino gehiago ordaintzeko produktu berdinak lortzeko. Inork baino lehenago, ez hiru edo lau hilabete geroago. Ez digu ardura 200, 100 edo 80 euro gastatzeak jantzi baten truke, modurik dotoreenean azaltzeko. Sanferminetan 100 euro edo gehiago gastatzeko kapazak bagara egun bakarreko parrandan —ETBko albistegietako kale inkestan agertutakoek horixe esan dute—, zergatik ez dugu kantitate hori erabiliko arropa desiratuenak, garestienak erosteko?
Lurtar berezienak gara euskaldunok. Elitistenak. Hemen ez dugu deus erosten merkealdian. Ez, behintzat, euskaraz mintzatu eta euskaraz bizi nahi dugunok. Horretan datza enpresa horren marketina. Inork baino hobeto ezagutzen gaitu. Ikusi, bestela, Euskal Herriko hiri nagusietako espaloietan merkealdia iragartzeko egunotan jarri duen kartela: Sale, sleva soldes, rebajas, wyprzedaz, promoçoes, rebaixes, snizenje, soldes, leárazás, solden... Guztira, hamabi hizkuntza. Batzuk ezagunak, beste batzuk Euskal Herritik milaka kilometrotara mintzatzen direnak. Ezetz asmatu zein falta den.
Euskara falta da. Logikoa. Euskaldunok ez dugu merkealdirik behar. Orain arte inor ez da horretaz konturatu, Springfield moda-denda katea baizik. Horregatik ez du kartelik jarri euskaraz, gu ez iraintzeko. Horregatik pentsatzen ari da dendetako ateetan aholkulariak jartzea, euskaldun despistatuei modu gozoan ez sartzea gomendatzeko: «Merkealdia da hau, jendailarentzat eginak. Ez nahastu haiekin».
Eskerrak eman behar dizkiegu, merkealdiko pobreekin elkartzen ez uzteagatik. Haien bezero kuttunenak gara. Urrezkoak ez, platinozko bezeroak. 2014-15 neguko denboraldiko lehen astean euskaldunontzat baino ez dute irekiko denda. Etxeko atarian jasoko gaituzte limusina dirdiratsuenetan, eta haraino eramango gaituzte, Teuscher suitzarraren xanpain-trufak dastatzen eta 1998ko Dom Pérignon edaten. Denda osoa zabalik guretzat, soilik guretzat, arropa bilduma berria herritar arrunten izerdi higuingarria eta kolonia merkeak usaindu gabe erosteko. Euskaldunok lurtar aberats eta berezienak garelako. Errusiar handiki zorri piztuek eta arabiar xeke koipeztoek baino diru gehiago daukagu. Zertarako behar dugu, ba, merkealdia iragartzen duen kartel bat, euskaraz, Donostiako Askatasunaren hiribidean?
DARWIN ETA GU
'Wyprzedaz'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu