Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bildumazalea

2016ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Nik ere badut lagun bildumazalerik. Nire lagun honek ez du ez txanpon akastunik osatzen, ez 36ko gerrako materalik, ez lagunek batetik eta bestetik ekarritako hontzen irudirik. Bidaiazale itsua denez, Unescok Gizateriaren ondare izendatu dituen tokiak bisitatzea du maite.

Eta argazkizalea ere badenez hala erakusten dizkit bere trofeoak uda hondarrero, ez dezadan pentsa gezurretan ari zaidanik, eta hala ezagutu ditut neuk ere aldartearen arabera hobeto edo okerrago Iguazuko ur-jauziak eta Bandiagarako amildegiak, Kazirangako parke naturala eta Hawaiiko sumendiak. Eta ez dezadan pentsa naturak bakarrik erotzen duenik Efeson ikusi dut eta Chichen Itzako piramidean, Lalibelako elizetan, Etiopian, eta San Stepanousen, Armenian. Japoniako ez dakit zenbat santutegi sintoistatan izan naizen. Eta Hego Ameriketan, berriz, non ez.

Umeak futbolarien kromoekin bezala, nire lagun honek ere bildumatik ezabatzen doa bisitatutako tokiak. Poz bat omen du, badakiela ezin izango dituela denak bisitatu. Umila da horretan. Mila eta hirurehun bat ei dira une honetan. Eta futbolekoekin bezala, etengabean eransten dizkio kromo berriak Unescok.

Behin, gehiago ezin, eta zirtoa bota nion, ea ez al litzatekeen hobe tokiak beharrean gizakiak berak hartzea Gizateriaren Ondaretzat. Itxaron esan eta karpeta berri bat zabaldu zuen ordenagailuko argazki artxiboan. Ordura arte ez bezala, bertakoak agertzen ziren erretratuetan. Noski, Europakoetan eta Ipar Ameriketakoetan bakar bat ez, zertarako, gure antzekoak badira, esan zidan esateke. Gainerako tokietan azaltzen zirenek, aldiz, arropa koloretsuak zituzten, edo erdi biluzik agertzen ziren. Exostismoa. Askotan ikurriña zuten esku artean, edo pankartak, euskararen alde edo euskal presoen sakabanaketan kontra.

Ez dakit zergatik isildu nintzen. Baina bai, arriskuak ikusita, izenda ditzagun lehenbailehen gizakiak Gizateriaren Ondare.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.