Barne ministroa zen Angel Acebes orduan, eta nola ez sinetsi norberaren gainetik hain irmo mintzo denari euskararen eta euskaldunen on beharrez erabaki zuela Espainiako gobernuak Euskaldunon Egunkaria giltzatzea. Gerora, jakinminez izan naute berak eta alderdiak, zenbat egunkari zabalduko, zenbat ekoiztetxe sortuko, zenbat webgune, ikuskizun, film, disko, liburu jarriko gure eskura, eta tira, ez dut arinegi epaitu nahi gizona eta kuadrila, bizitza luzea da.
Handik lasterrera, Madril datorkit negu hondarrean, bonbak trenetan eta gure ongilea munduaren aurrean, esan eta esan betikoak izan zirela sarraski doilorraren egileak. Hauteskunde bezpera zen eta jendeak ez zuen ondo ulertu zer esan nahi zuen. Kontua da porrotaren ondoren alderdiko idazkari nagusi izendatu zutela; seinalea gauzak ez zituela txarki egin. Ordurako, arrakasta gaitzez bukatua zen Irakeko kanpaina. Saddam Hussein preso zen, eta Irak baketua. Inbasioaren arrazoia, Etxalarko organistaren bilobak eman zuen, Blair, Bush eta Durao Barrosorekin batera Azoreetan ateratako argazki egin irribarre, irabaztera goaz eta gogoangarri hartan. Husseinek «suntsiketa handiko armak» zituen, eta arriskua zen munduarentzat. Armek agertzeke segitzen zuten atzo arte. Gaur aurkitu dituzten, horixe ez dakit.
Orduz geroztik, milaka eta milaka lagun dira hildakoak inork amatatzen asmatzen ez duen sutean, eta milioika noraezean dabiltzanak. Errefuxiatuen kariaz, aste honetan berean salatu du Oxfam Intermon-ek Espainiako gobernua. Hartuko zituela hitz emandako 17.337tik, 1.297ri eman dio abaro, %7,4.
Pentsatzen dut Eusko Jaurlaritzak Madrilgo gobernuarekin «aldebikotasun eraginkorraz» hitz egiten duenean ez dituela gai hauek aterako mahai gainera, lehendik ere gauzak nahiko zatar badaude-eta katalanen erruz, eta etika hitz potolo eta politikoki praktikoegia da aldebakarkeriaz txikikeriokin zikintzeko.
LARREPETIT
Aldebikotasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu