Badira umeak iraileko lehen egunotan nagiak ezin kenduz eskolara joateko protestaka ariko direnak. Euren amen ala aiten belaunei eutsita ikastolako ataka zeharkatzeko momentua azkenera arte atzeratzen saiatuko direnak. Pasako dutenak goiz osoa negarrez, irakasleak jolasak eta irribarreak baizik ez eskaini arren trukean.
Izanen dira beste batzuk bere adineko haurrak ikusteaz txoratzen jolasean eta ikasgela deskubritzen pasatuko dituztenak lehen egunak. Maiteminduko direnak ikastolaz, eta bueltatu nahiko ez dutenak arratsaldeetan etxera. Haur bakoitza pertsona bat baita finean, eta pertsona bakoitza mundu bat.
Gurasoei entzunda, uste dut ni bi muturren arteko nahasketa bitxi bat nintzela txikitan. Goizetan irakaslearen eskuetara lerratu nahi ez, baina gero etxera ere bueltatu nahi ez zuten horietakoa. Modu batera zein bestera, dena den, uste dut denek gordetzen dugula oroitzapen onen bat edo beste, baita irakasle kuttunen izena ere, memorian grabatuta.
Ez naiz psikologoa, baina esango nuke inportanteak direla une horiek pertsona baten bizitzan. Eraikitzen dituzula lehen harremanak, ikasten gizarteko lehendabiziko arauak... Eta erranen nuke are inportanteagoak izanen direla une horiek bizitzaren lehen urteak amarekin espetxean pasatu dituen ume batentzat, zeina aitak hiltzeko saiakera egin ondotik Alcobendaseko etxe batean daukaten amarekin batera. Ez teknikoki preso, baina bai arrotz, eta etxetik 500 kilometrora.
Aldaketarik ezean, lehen egun inportante horiek ezingo ditu bere auzoko ikastolan eta bere hizkuntzan pasatu Izarrek. Horretarako eskubidea duen arren; joan den larunbatean ehunka herritarrek eskatu zuten arren; eta Porrotxi berari ere halaxe eskatuta telefonoz umeak. Horrelakoxe detaileetan ikusten da zein garrantzi ematen dien Espainiak umeen, emakumeen, presoen eta euskaldunen eskubideei. Hutsaren hurrena.
LARREPETIT
Ikastolara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu