Euskal Herrian ez omen dago pediatra euskaldunik. Bergarako pediatra hil zaigu. Laster Elorrioko pediatra erretiratuko da, gero Gernikakoa. Euren ordez profesional elebakarrak bidaliko dituzte. Horrela jarraituz gero, urte batzuk barru gune euskaldunetan haurren arreta erdara hutsean izango da.
Gurasoek euren seme-alabentzat arreta egokia nahi dute, baina nora ezean dabiltza, ikaratuta, beldurrez eta zer egin jakin barik. Pediatra euskaldunen gabeziaren aitzakiaz, aukera bakarra eskaintzen zaie: pediatra erdalduna aukeratuz gero, familia mediku elebiduna. Arrazoia? Teknikoki ez dela posible elebiduna bidaltzea, lan-poltsan horrelakorik ez dagoelako. Ikaraturik, gurasoek pediatra erdalduna lehenestera behartuta ikusten dute euren burua, elebiduna eskatzea arriskutsua omen baita. Euskalduna izatea arriskutsua izan baita beti.
Osasun arloan euskaldunik euskaltzaleenak beti egiten du atzera. Garrantzitsuena medikua da, are gehiago pediatra baldin bada. Bada garaia zerbait ikasteko, hankarik ez sartzeko behin eta berriro. Eztabaida ezin da medikuan kokatu, oker gaude. Eztabaida pazientean kokatu behar da. Medikuon aldizkaririk ospetsuenetariko batean, New England Journal of Medicinen, zera irakur dezakegu: ez dugu behar gaixotasuna diagnostikatzeko trebatua dagoen medikurik; pazientearen beharrak, gogoak, pazienteak gutaz zer espero duen diagnostikatuko duen medikua baizik. Protokolo eta prozedurez haratago, pazientearen eta osasun-langileen arteko adostasun eta harreman ereduak aldatu behar dira. Egia borobila, gaur eguneko medikuntzaren jarraibidea.
Izan ere, medikua ez da garrantzitsuena, pazientea baizik. Gaur egun pazientean zentraturiko arreta eredua da nagusi, eta hala diote Munduko Osasun Erakundeak edo Osakidetzaren lerro estrategikoek. Pertsona da ardatz. Pediatrak haur euskaldunei egokituriko arreta garatu behar du, euskaraz alegia, eta ez haurrak erdaraz egitera behartu. Hau ez baita etikoa; umeen eskubideak urratzen ditu, ez du kode deontologikoa ezta legea errespetatzen, eta ez da kalitatezko osasun zerbitzua.
Baina pediatriaren aferarekin gure beldurraz baliatuz ziria sartzen digute. Gaur egun ez dago pediatrarik langabe. EAEn pediatria kontsulten laurdena (%25) familia medikuek egiten dute, eta ordezkapenak (pediatra oporretan, jai eguna hartuta edo lanerako ezintasun egoeran dagoenean) familia medikuek egiten dituzte.
Pediatria zerbitzuak eskasak dira. Jai egunetan edo asteburuetan, baita lan egunetan ere 15:00etatik edo 17:00etatik aurrera ez duzu pediatrarik topatuko. Zure herrian ez behintzat. Elorrion, Galdakaon, Bermeon, Mungian, edonon. Durangoko Etengabeko Arreta Gunean (EAG) ez dago pediatrarik. Gernikako ospitalean, Arrasateko ospitalean edo Galdakao ospitalean ez dago pediatrarik. Txagorritxura, Gurutzetara, Donostiara edo Basurtura joan behar.
Dena den, ez gaude hain txarto. Australian eta Zeelanda Berrian bederatzi ospitale daude larrialdi pediatriko unitatearekin. Milioika biztanle dituen kontinente oso batean, atera kontuak.
Zergatik ez dago pediatra euskaldunik gune euskaldunetan? Alde batetik, esan bezala, pediatra gutxi dagoelako. Osakidetzak 33 urte egin eta gero, bistan da kudeatzaileen aurreikuspena. Bestalde, pediatra askok Hizkuntza Eskakizunak bete ostean hurbilen dauzkaten zentroak edo ospitaleak aukeratzen dituzte. Herri txikiak urrun daude, eta ez dira hara joango. Teknikoki ez omen da posible pediatra euskaldunik bidaltzea inora ere ez.Eta laster ez bada teknikoki posible pediatra bat bidaltzea? Zuen herria urrun baldin badago, eta inork ez badu joan nahi? Familia medikua joango zaizue, euskalduna edo erdalduna.
Osasungintzan bada lege bat: eskaerak eskaintza dakar, eta eskaintzak eskaera. Euskaldunek ez badute eskatzen, ez zaie pediatra euskaldunik eskainiko. Jakinaren gainean, eta asmo horrekin, ikaratzen badakite: ez da teknikoki posible; pediatra erdalduna edo familia mediku euskalduna, zuek erabaki. Beldur denaren ezpatak punta motz. Ikusi eta ikasi: zuek jakin behar duzue Osakidetzako zuzendariak ikaratzen. Eskatu pediatria zerbitzua euskaraz, eta ez onartu aitzakiarik.
Ikaratzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu