enekoitz esnaola
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. BOZ GORA

Arrastoa

2016ko irailaren 17a
00:00
Entzun
EAJk Carlos Garaikoetxea lehendakariaren partez jarriko zuela iragarri, eta Jose Antonio Ardanzak bere lehen adierazpenetan: «Nire egitekoa instituzionala da, ez politikoa». Aitortuko dizkiote Ardanzari edo haren Jaurlaritzari lorpen batzuk —krisi ekonomiko latzari buelta eman izana, industriaren modernizazioa...—, baina gatazka politikoaren konponbiderako eta emantzipazio nazionalareko ez zuten arrasto handirik utzi. Agian, haren sasoian herri hau artean ez zegoen bidegurutze batean. Orain badago, EAJk ere joan den otsaileko batzar nagusiko txosteneanjasoa duenez: «1977an bezala, ezinbesteko dugu erabakietan asmatzea. [...] Bestelako trantsizioa izango da, baina ordukoa bezain erabakigarria Euskadirentzat».

XIX. mende bukaera ere halakoa izango zen Sabin Aranarentzat, eta EAJ fundatu zuen. Hegoaldearen burujabetza gain behera zihoan, 1872-1876ko gerra karlistaren ostean foruak abolituta. Kontzientzia nazionala piztu zuen Sabin Aranak, eta arrastoa utzi.

Jose Antonio Agirrek ere bai geroago. 1931n, Lizarrako Hegoaldeko estatutuaren bultzatzaileetako bat izan zen, eta, 1936an, frankismoa jada altxatua zela, Jaurlaritzaren aurreneko lehendakaria. EAJko bi arimek beti laudatu izan dute Agirre. EH Bilduk ere bai 2012ko kanpainan, eta orain ere aitatu du: Maddalen Iriartek hark independentziaren alde idatzitako esaldi bat gogoratu zion, ETB1eko eztabaidan, Iñigo Urkulluri. Bai baitira Agirreren izkribu gogoangarriak. Adibidez, Iñaki Anasagastik argitara emandako 1946ko gutun bat —Pako Aristik euskaratua Independentziaren paperak libururako—: «Gure arbasoek bazuten batasun tradizio bat, eta ez dugu haien exenplua erdeinatu behar. Horrek emango digu, ez soilik geure historia arrazionalki eta modu ulergarrian agertzeko aukera, baizik eta askatasunarenaldeko borrokari funtsa ezartzeko ere bai. [...] Euskaldun guztion batasunarekin askatasuna ere iritsiko da. Eta herriak bere azken borondatea esango du».

Ondoren, EAJ gainbehera ideologikoan zela iritzita eta borrokari funtsa ematearren, Ekinen ondotik ETA erakundea sortu zuen belaunaldi berri batek. Ezkerreko abertzaletasunari forma berritua emateaz gain, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan euskal pizkundearen zutabe izan zen ETA, gero indarkeriari (ere) heldu eta horrek erakundearen sorrera garaikouzta hautemangarri eta ez-hautemangarriari itzal egin izan dion arren. Enbata mugimenduaz ere esan ahal da aztarnarik utzi duela euskal kontzientzietan azken mende erdi honetan, eta IK-k. Eta Garaikoetxea-Arzalluz tandem bereziak ere bai, frankismoaren ostean herri honen parte bat instituzionalki antolatzeagatik. Arnaldo Otegik ere laga du lorratza, XXI. mendean, kanpo faktoreak faktore ETAren jarduera armatua bukatzeko egindako lanagatik. Gertaera historiko-politikoak denak, garai zailetako pausoak, eta, gustatu ala ez, lidergo indibidualak edo kolektiboak.

«Bidegurutze berriaren aurrean gaude», dio EAJren dokumentuak. Globalizazioa hor da, basati. Edo hor Espainiaren egoera. EAJ: «Agerikoa da Espainiako Estatuak bere egituretan pairatzen duen ezegonkortasun politiko, instituzional eta soziala. Historia hurbileko unerik gatazkatsuena bizi du». Horren eta estatuaren inboluzioaren ondorioak pairatzen ditu Hegoaldeak. Europaren krisiaz ere badakar atal bat EAJren txostenak: «Garai latz eta larria bizi du: atzeraldi ekonomiko sakona, ongizate sistemaren kalitatearen uzkurtzea, desberdintasun egoerak, neurrigabeko ezbehar humanitarioa...». Baina Europan ez da deus Euskal Herria.

Bihar zortzi, EAEko bozak. Frankismoaz geroztik, 11.ak. Igaroko dira horiek ere, eta izango da berriro gobernurik. Garbi ez dagoena da «bidegurutze» honetan arrastoa uzteko moduko politikarik egingo den instituzioetatik (ere), batasunik hezurmamituko den burujabetzarako, edo, hura erdeinatuz, beste erkidego bat balitz bezala gobernabidea lehenetsiko den, besterik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.