Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Kamera

2017ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Kamera lepagainean daraman pertsona da hiztuna. Eta hala doazkio egunak eta urteak, bizitza bera, heldu puntu batera, kameraren hankak lurrean ahalik eta ondoen ezarri eta objektiboak hartzen duena hitzetara ekartzen. Nolako posizioa, halakoa izango du mintzoa.

Etengabean errepikatzen dugun ariketa da, eta hain bizkor errepikatu ere non maiz ez dakigun ez objektiboak zer hartu duen ere. Ez da ariketa asko egongo hizketak bezain biluzik uzten gaituenik jendearen aurrean. Idatzia ez dela bestelakoa, esan gabe doa.

Oraintxe bost egun, Homofobiaren eta Transfobiaren Aurkako Mundu Egunaren harira, ekimen publikoa euskal herri batean ikastetxeetako ikasleek eta udal ordezkariek. Eslogana, bihotzaren aldarri: «Naizena naizela, maitatua». Kontua da albistea ere eman beharra dagoela, eta noski, ezin dela leloa bere horretan errepikatu lerroburuan. Eta halaxe jaitsi zen kamera sorbalda gainetik, hankak ondo bermatu, enfokatu eta, klik: «Pertsona bakoitza den bezalakoa izanda ere, maitatua izan dadin».

Bistan da, berridazketa xuxen antzean eginagatik, kamera ez zen toki berean paratu. Eta ezagun du. «Pertsona bakoitza den bezalakoa izanda ere» badiogu, argi dago ez garela ez ikasle batez, ez zinegotzi edo obrero batez ari. «Den bezalakoa izanda» esanda diogu egin duela handiren bat, baina hala ere, merezi duela maitatua izatea. Ez gara jainkoa, baina hortxe-hortxe. Kontuan izanik, egunagatik eta testuinguruagatik, «lesbiana izanda ere, maitatua izan dadin» esan nahi zela, edo gay, edo bi, trans, inter, queer, a, pan... ez gara jainkoa, baina (normala eta barkabera ni, zaren bezalakoa izanda zu) kamera gurasokeriaren lohietan ezin errotuagoa dugula salatzen digu mintzoak. Maitatzeko inoren onespena beharko balitz bezala.

Zenbat horrelako egunero, on beharrez lur kutsatuetan gure kamera hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.