Zinebin era guztietako proposamenak aurki ditzakegu, baina aurtengoan, lehen aldiz, Errautsak izeneko ekoizpen propioa aurkeztu du jaialdiak; #Zinergentziak 14: Premiak eta larrialdiak euskal ikus-entzunezko garaikidean zikloaren baitan estreinatu da, EHUko Lurraldeak eta mugak ikerketa taldearen ekimenari esker eta Bilbo Arte erakundearen laguntzaz. Euskal zinemagile eta artista gazteen lanak ezagutaraztea da egitasmoaren helburua, eta horrekin batera, zinema berri, ezberdin, ausart (edo gutxienez, garaikide) baten erakusleiho izateko asmoa dauka. Aretoetan lekurik ez duten euskal filmak babesteko konpromiso irmoa hartu dute proiektuaren arduradunek, sortzaileen elkarrizketarako topaleku bilaka dadin, hain zuzen. Jakina denez, gazteek euren ahotsa entzun dadin gogor borroka egin behar izan dute beti, gehiengoaren gustuaren aurka oldartuz, gehienetan. Bide berriak urratzeko prest dauden zazpi zinemagileren lanek osatu dute #Zinergentziak egitasmoko lehen pieza. Jainkoaren heriotzak, narrazio handien gainbeherak, utopiaren amaierak… umezurtz utzi ditu egungo gazteak; ziurgabetasuna, babesgabetasuna… da heredatu dutena. Igone Arreitunandia, Maria Elorza eta Maider Fernandez Iriarte, Marisol Gil, Juan Pablo Ordoñez, Hodei Torres eta Mikel Zatarain egileek euren bizipenak eta pentsamenduak islatu dituzte bertan. Indarkeria, nortasuna, krisia… bezalako kontzeptuen inguruko hausnarketa interesgarri eta iradokitzailea plazaratu dute, eta ikuslea harrapatzea lortzen du. Hondoan entzun daitekeen zaratak koherentzia moduko bat ematen dio lanari, mundu berri baten zain dagoenaren ezinegona, urduritasuna… helaraztearekin batera
Bestetik, Beautiful Docs sailean askotariko lanak ikus daitezke; Teodora Ana Mihai errumaniarraren Waiting for August zirraragarriak Georgiana gaztetxoaren istorio xumea kontatzen du. Bizia zintzotasunez islatzea lortzen du, eta hunkigarria gertatzen da. Protagonista bere ahizpa eta neben zaintzaz arduratzen da, ama Italiara lanera joana baita, eta haurren egunerokotasuneko gorabeherak primeran erretratatzen ditu.
Zinema modernoaren ildoari jarraituz, Al doilea joc/The Second Game estreinatu da, Corneliu Porumboiu egilearena. Waiting for August-ek ez bezala, aspergarritasuna transmititzen du, modernitatearen alde ilunaren ordezkari gisa. Pertsona arrunten egunerokotasuna islatzea, hau da, ordura arte garrantzirik ez zuten edota pribatuegiak ziruditen kontuak jorratzea izan zen modernoen funtsezko ekarpena, baina askok ez dute ezer interesgarririk esateko. Porumboiuk Dinamo eta Bukaresteko Steauak 1988an jokatutako futbol partida oso-osorik ikustera gonbidatzen du ikuslea. Gustavo Fontanen El rostro bereziak beste mundu baterako sarbidea eskaintzen digu; naturaren eta animalien soinuak, urarenak… sekulako lasaitasuna eta patxada sentiarazten digu. Zuri-beltzean dago filmatua, eta gizakien elkarrizketek ez dute zereginik naturaren ikuskizunaren aurrean.
A Spell to Ward Off the Darkness ere berezia da oso, baina xede argia du: sentipenak ditu jomugan, eta une gogoangarriak sortzeko gai da. Shindo eta Kaplanogluren zineman bezalaxe, naturaren edertasuna eta gizakiaren txikitasuna islatzen ditu, baina era berean, ez dio errealitate desberdinak kontatzeari uko egiten. Harridura eragiten du, istorioak helbururik ez balu bezala aurrera egiten baitu. Naomi Campbel-ek transexualitatea du hizpide, baina ez du nabarmentzeko adina meriturik, eta orainaldiaren diktadurak desagerraraziko du. Yermenen bizitzaren gorabeherak kontatzen ditu.
ANALISIA
Errautsak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu