gorka julio
IRLEN SAREA

Elkarrizketak

2016ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Egoitz Gonzalez lagunari sakelako telefonoarekin gertatutakoa ezin sinistu ibili naiz azken astean. Kontatu zidan nola telefonoz hitz egiten edo gertu izandako zenbait elkarrizketak baldintzatzen zuten ondoren agertzen zitzaion publizitatea. Kasualitateak izan daitezke, baina badirudi egiatik zerbait ere badagoela.

Haren kezka Android telefonoarekin lotuta zegoen. Android sistemak bere azken bertsioetan audio bidezko bilaketa dauka, eta, horri lotuta, OK Google funtzioa. Funtzio horrek ahots bilaketa aktibatzeko aukera ematen du, eta, ondorioz, horren ostean ahozko bilaketak egiteko aukera. Teknikoki, beraz, argi dago: mikrofonotik, behintzat, entzuteko gaitasuna badu sistemak.

Aipatutako gertakariak behin baino gehiagotan gertatu omen dira. Gizakiok gauzak arrazoitzeko dugun joera naturala kontuan hartuta ere, arraroa zirudien; irudi batekin gertatutakoak, aldiz, gauzak okertu zituen. Lagunak marka ez oso ezagunen testu bati irudia atera zion, eta hurrengo egunetan marka horri buruzko publizitatea jasotzen hasi zen. Horrek ez du noski audioarekin zerikusirik, baina bai publizitatea bideratzeko datu gurutzaketarekin.

Apur bat ikertzen eta Interneten begiratzen ibilita, badirudi ez dela pertsona bakarra. Interneteko foro ugaritan afera horri buruzko zalantzak eta kexak ageri dira, normala izan ohi dena horrelako gaiekin. Baina BBCk ere albiste batean jaso du azkeneko astean: http://tinyurl.com/bbc-entzunketa.

Albistean, aipatutako jendearen esperientziak kontatzeaz gain, zenbait adituk egindako probak azaltzen dituzte. Aukera hori posible den edo ez aztertzen saiatzeko, aplikazio bat sortu dute adituek. Aplikazio horrek mikrofonoa erabiltzeko baimena eskatu ondoren, lortu dute jasotzen den audioa testura pasatu, eta, hitz gako egokiak aukeratuz, publizitate berezitua bideratzea jendeari. Posible izateak ez du gertatzen dela adierazi beharrik, baina aukerak egon badaudela frogatzeko behintzat balio du.

Googlek ukatu egin du gertatutakoa, eta adierazi du datu horiek ez dituela erabiltzen. Edozein kasutan, egingo balu ere, seguruenik gure onespena emana genioke, jakin gabe ere, onartzera behartzen gaituzten erabilpen baldintzen arteko lerroren batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.