Demagun eskola batean, enpresa pribatu batekin iritsitako akordio batekin, edaten diren edariak haienak bakarrik izatea erabakitzen dutela. Are gehiago, eskolak hartutako erabaki horrengatik, txorroteko ura ez edateko, botilako ura edatera behartzen dituztela ikasleak. Bada, antzeko zerbait egiten ari gara gure hezkuntza sisteman, ordenagailuko programei dagokionez. Gure eskola askotan, haurrei bulegotika tresnak erakutsi izan zaizkie. Lehen Microsoft Office izaten bazen, orain Googlen produktuak dira. Horiek erabiltzeko, noski, Google kontu bat izan behar da, eta ikasleak behartuta daude hori egitera.
Printzipioz, ez legoke arazorik, inguruan dauden eta jendeak erabiltzen dituen tresnak erabiltzean. Bai, aldiz, horiek oinarrian jarri, eta horretan txikitatik aukera bakarra balitz bezala aurkeztu eta horietan heztea.
Richard Stallmanek, software librearen mugimenduaren sortzaileetako batek, eskola kanpoan droga oparitzearekin alderatzen zuen. Hasieran, doan eskaini, eta gero bizitzan zehar zure esku izango dituzun bezeroak izateko era bat bezala irudikatuz. Ez naiz ni bere kontra egiten saiatuko, nahiz eta baten bati gehiegizkoa iruditu konparazioa.
Kudeaketan eta informatikaren atalean eskolek dituzten baliabide eskasengatik erabakiok hartzea ulertzen dut. Milaka kontuk eta programak ondo funtzionatzearen ardura makalaren aurrean, pertsona hauek denbora apur bat gehiago libratzen dute egin behar dituzten beste mila lanetarako. Hala ere, horrek gure hezkuntza sisteman dagoen baliabide falta adierazten du. Ustez, berrikuntza oinarri eta puntako teknologiako hezkuntza eredu bat izatearekin konpatiblea ez dena.
Teknologia horietan oinarrituz, eta horiek bakarrik erabiliz, monokultibo bat sortzen ari gara. Aukera ezberdinak erakutsi edo orokortu baino, mugak jarriz. Software libreko tresnak sistematikoki baztertzen dira. Zenbatek ezagutzen dute Libre Office eta bere kolaboraziorako zerbitzu berria? Alternatiba ezkutatuz, harago joateko aukera ukatzen ari zaie irakasleei, ikasleei eta inguruko guztiei ere; hezkuntzaren beraren izaeraren kontra. Euskal curriculuma definitzeko, material propioak sortzeko, edukiak euskaratzeko... bezainbeste esfortzu merezi du auziak; gure hezkuntza hobea ere izateko.
EKOGRAFIAK
Demagun...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu