Hauteskunde kanpaina ez da izan nabarmentzekoa. Arnaldo Otegiren inhabilitazioa, Pili Zabalak Alfonso Alonsorengan iltzatu zuen begirada eta azpidoinu politiko handiarekin sozialistek euskararen inguruan sareratu zuten bideoa izan dira protagonista, mezu, lelo eta programetatik haratago. Politikari, bizikidetzari eta euskarari dagokionez, herri hau normalizaziotik urrun dagoela erakusten dute hiru mugarri horiek, baina, hori ere normaltasun bihurtuta, Eusko Legebiltzarrean indar berri bat sartzeak zer ondorio dituen izango da aztergai gaur, botoak zenbatzen hasten direnetik.
Gaurko emaitzekin itxita geratuko da duela ia hiru urte Podemosen sorrerak Madrilen ireki zuen zikloaren hasiera. Ahal Dugu-k ordezkaritza badu jada Hegoaldeko udaletan, batzar nagusietan eta Nafarroako Parlamentuan, eta gaurtik aurrera Gasteizkoan ere izango du. Jokaleku berria errealitate bat da jada, baina Pablo Iglesiasek duela bi urte zerua erasoz hartzeko egin zuen iragarpena betetzetik urrun dago, eta legebiltzarrean ere akordioak beharrezkoak izango dira. Gerria behar da horretarako, baina alderdi bakoitzak hartzen dituen erabakiek gogoa ere adieraziko dute.
Eusko Legebiltzarrean indar korrelazioa zein izango den aukeratuko dute gaur 1.783.414 euskal herritarrek. Horrekin batera gehiengoak osatzeko mahaian zer gaiez hitz egitea nahi duten ere erabakiko dute, gehiengo batek kolore eta ñabardura asko izan baititzake.
HIZPIDEAK
Ñabardurak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu