jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Filibusteroak

2017ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Atzokoa zen eguna, eta Kataluniako Parlamentuan ikusitakoak erakusten du erreferendumaren kontra daudenen kezka eta estrategia zeintzuk diren. Espero zen Espainiako Gobernuak Konstituzionalari eskatzea Erreferendumaren Legea bertan behera uzteko. Herenegun harridura handirik ez zuen sortu Mas eta 2014ko galdeketa antolatu zutenen kontrako berme eskaerak. Atzo, baina, Ciudadanosek, PSCk, Catalunya Si Que Es Potek eta PPk lokazti batera eraman nahi izan zuten Erreferendumaren Legea, eta forma kontuekin trabatu nahi izan zuten eztabaida, katramilatu, nahastu, bigarren leku batean utziz mamia: herritarrek eurek zuzenean eragiten dien gai bati buruz zuzenean erabakitzeko duten eskubidea, botoa emateko eskubidea. Filibusterismoa deitzen zaio estrategia horri, eta demokrazia bera bezain zaharra da, eta zilegi. Baina gauza bat uzten du agerian: edukiari heldu gabe legea desitxuratu nahi dute, bultzatzaileak inprobisatzen ari direla irudikatu, modu batera eta bestera, bat zein besteak, Kataluniako Parlamentua bera ere, erridikulura eramateraino.

Lehen kartoizko hautetsontziak gutxietsi zituzten, barrukoari begiratu gabe (botoak), arreta kanpokoan jarriz (kartoia). Hori bera egiten saiatu dira Erreferendumaren Legearekin Parlamentuan. Inor gutxik jartzen du, ordea, orain zalantzan kartoizko botokutxen balioa. Ezta eurek ere, atzo ikusi zenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.