Ez ba. Ez da Eliza katolikoari soilik dagokion zerbait, eta Iñigo Urkulluk atzo Erroman egin zituen adierazpenak, duen arduragatik kezkagarriak izateaz gain, ezin bidegabeagoak dira. Bidegabeak sexu abusuak jasan zituztenekiko, biktima horiek ere izan behar baitute justiziarako eskubidea. Eta nekez izango dute delitua delitu gisara hartzen ez den bitartean. Zuzenbide kanonikoak izango du bere bidea, baina horrek ezin dio itxi Zigor Kodeari berea.
Urkulluk arrazoia izango balu, futbol talde bateko aldagelan gertatzen den sexu abusu bat klub horri soilik dagokion zerbait litzateke. Eskola batean gertatzen den sexu abusu bat, ikastetxe horri soilik dagokion zerbait.Baina ez da hala. Ez ba. Haurren kontrako sexu abusuak gizarte osoari dagokion gehiegikeria bat dira, eta halakotzat hartu behar dira. Are eta larriagoa da auzi hau, gainera, adingabearekiko botere harreman bat egonda, Elizarekin zerikusia duten kasuekin gertatzen den bezala. Mundu mailako arazo bat da. Kargu publiko batek ez lioke horri izkin egin behar, eta delitua gertatu den tokiko polizia baten buru den gobernuko lehendakariak ezin dio bizkarra eman hori aztertzeari auzia beste baten esku utziz. Urkulluri ere badagokio.
Elizak ezin du izan Urkulluk aitortu nahi dion pribilegio hori: «Elizari dagokio prozesua, eta hartu ditu neurriak». Zorionez, Juan Kalparsoro fiskalburuak ez du Urkulluk bezala pentsatzen, eta aintzat hartuta justiziarekin kolaboratzeko prest agertu dela, Jose Ignacio Munilla gotzainak ere ez.
HIZPIDEAK
Pribilegioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu