mikel p ansa
HIZPIDEAK

Kosmos

2016ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Bizkaiko dozenaka boto batzuengatik, azkenean, amestu ere ezin zuen jokalekua agertu zaio EAJri hauteskundeetan. Inkesta bakar batek ere igarri ez duena gertatu da; izan ere, gehiengo osoak ezinezkotzat jotzen zituzten igarpenek, gutxienez hiru alderdi elkartzen ez baziren—EAJ eta EH Bildu elkartzeko aukera baztertuta—. Gehiengo oso bat ez, lau gehiengo oso josi ditzakete jeltzaleek, nahieran: EH Bildurekin (46 eserleku), Elkarrekin Podemosekin (40), PSE-EErekin (38) eta PPrekin (38). Aurreko agintaldian zenbaitetan epaile gisa jardun duen UPDren antzeko ordezkaritza erabakigarririk ere ez dago, eta, komenentziaren arabera, batzuekin edo besteekin hitzarmenak egin ditzake EAJk, aldian-aldian. Edo gobernu koalizio bat osatzen saiatu. Edo lehentasuna izango duen bazkide bat aukeratu. Edo bi bazkide. Komenieran.

Biharamunean, ez ditu karta guztiak erakutsi EAJk, eta ikusteko dago nondik joko duen. Baina, hitz bat salbatzekotan, egonkortasuna da hitz hori. Aurreko agintaldian ere ez zen ezegonkortasun handirik izan Eusko Legebiltzarrean, baina datorren agintaldian «egonkortasun handiagoa» nahi du EAJk.

Ikusiko da zer esan nahi duen horrek, baina, gaur-gaurkoz, agerikoak dira «egonkortasun handiago» horren esanahi batzuk. Hasteko, Kataluniakoa hemen ez gertatzea da «egonkortasun handiagoa». Kaos hutsa da hangoa. Estatutu berriaren proposamenak ezegonkortasunik sortu gabeko norabidea izan beharko du, beraz.

Segitzeko, Madrilen esku hartzeak bukatzea ere bada «egonkortasun handiagoa». Hortik ulertu behar da EAJ aldebikotasunari ematen ari zaion garrantzia. Ez da posible lege bat onartu orduko Espainiak helegitea jarriko ote duen edo ez airean ibiltzea.

Eta, bukatzeko, seguruenera, oposizioaren ahalmenak trabatzea ere bada «egonkortasun handiagoa». Adibide bat jartzearren: aurreko agintaldian EH Bilduk eta PSE-EEk onartu zuten Etxebizitza Legea ezinezkoa litzateke gaur egun, EAJk aski bailuke PPren babesa hura atzera botatzeko.

EAJk eserleku bat gutxiago izateak edo beste ezein alderdik bat gehiago edo gutxiago eskuratzeak guztiz bestelako egoera ekarriko zukeen, baina kaosik batere gabeko kosmos bat gobernatzeko baldintza ezin hobeak egokitu zaizkio Iñigo Urkulluri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.