Lehen etapan behintzat, EAJrik gabeko prozesu subiranista bat aldarrikatu du Joxe Elorrietak —proposamen horren alde, Xabi Anza ELAren fundazioko presidenteak artikulu gordin bat idatzi du Zuzeu-n—. Arkaitz Rodriguezek iragarri du Sortu prest dagoela euskal ezker subiranisten arteko bide hori jorratzeko. Arnaldo Otegik esan du nahi dutenek hasi behar dutela prozesua, eta, Madrilen ukazioa dela medio, aldebakarrekoa beharko duela izan. Iñigo Urkullu lehendakariak eta EAJk Espainiako Estatuarekiko aldebikotasuna eskatzen dute prozesu baterako. Eragile politikoak, instituzionalak eta sindikalak —Euskal Herriaren mendebaldekoak, funtsean—, nazio aitortzarako, autogobernurako, burujabetzarako edo/eta independentziarako prozesu bat abiatu nahian dabiltza. Abantaila handi bat du EAJk: bere espazioa eratua dauka, instituzioetan agintzen du, gizarteko estamentu nagusienetan eragina du, eta agenda eta erritmoak ezartzen dabil; biratze luzexka egin behar izan du Lizarra-Garazitik eta Ibarretxeren arotik, baina nahi duen tokian kokatuta dago orain EBB. Aldiz, ezker subiranistak euren espazio soziopolitikoa artikulatu gabe daude —asko falta al zaie?—.
Xabi Larralderena da: «Burujabetza prozesu bat hiru geltokitatik igaro behar da: autoafirmazioa, autoantolakuntza eta autodeterminazioa». Euskal Herrian prozesu nazional baterako—ez derrigorrean zazpi lurraldeetako—, oraindik ez daude baldintza horiek. Gehienez, autoafirmazioa. Egon da saiorik, baina eragile politiko subiranistek ez dute asmatu bidean aurrera egiten. Beti iritsi zaie une jakin hori. Trebiñuko konderrikoa tokiko prozesu bat izan da, baina, Euskal Herritik lagunduz gero, eredugarri izan ahal zen prozesu nazional baterako, baina...
EAEko 2004ko Estatutu Politiko Berriaren atariko tituluko 2.3 artikuluak Trebiñuko auzian Espainiarekin itundutako irtenbide demokratiko bat proposatu zuen, konderria administratiboki ere EAEko parte izateko aukera ahalbidetzeko. Bide orria: «a) Interesa duten udalek eska dezatela Euskadiko Erkidegoan sartzea. b) Barrendegiko udalerrietako biztanleek hala erabaki dezatela berariaz deitutako erreferendumean.c) Eusko Legebiltzarrak eta Estatuko Gorte Nagusiek onar dezatela erabaki hori. d) Instituzioetakoren batek barrendegia Euskadiko Erkidegoan integratzea onartzen ez badu, bitariko batzorde bat sortu beharko dute bi aldeen artean, negoziazio prozesu bat aurrera eraman dadin segregazioari buruz, herritarren borondate demokratikoa adostasunez gauzatzeko». Madrilek berehala bota zuen atzera estatutu berriaren egitasmoa, baina Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak Trebiñuko auzia gara zezaketen beste modu batez, bukaerara iristeko. Hor ere, ez dute egin. Konderriaren borrokak beste forma batzuk ere hartu ditu, burujabetzaren hiru geltokietatik igaroz: 1940an, 1958an eta 1998an, herri galdeketak; 1980an eta 2013an, udal mozioak; mobilizazio sozial baketsuak; transbertsaltasuna; gaia Eusko Legebiltzarrera edota Kongresuraino eraman... Baina Madrilek ezezkoa ematean, krisia: katearen etetea. Etsipena sortu du konderrian. Kasurako, Ernesto Argotek Trebiñuko alkatetzatik dimisioa eman du, EAEko erakundeen «konpromiso falta» ikusita, eta Ignacio Portilla zinegotziak ere utzi du —2013an, alkate zela, udalbiltzakide egin zen—.
Prozedura legal eta baldintza demokratiko guztiak bete diren arren, aldebikotasunak ez du emaitzarik eman Trebiñuko aferan. Euskal Herriaren mendebaldeko subiranistek bidean ez dute sakondu eta ez dute aldebakartasuna sustatu —desobedientzia...—. Berriki, Mario Zubiaga EHUko irakasleak hitzaldi batean laudatu egin ditu katalanek urteotan prozesu subiranistan erakutsitako «malgutasuna» eta «pragmatismoa»;«inteligentzia politikoa».
ELA-LABen 1990eko hamarkadako bost bat urteko aroa kenduta, (Hego) Euskal Herrian erakunde politikoak —zehazki, haien arduradunak— izan dira prozesuetako protagonista. Aurrera begira ere, prozesurik bada, nazionalismo historikoak eta ezker subiranistak izango dute protagonismorik, baina, lehen ez bezala, espazio bat ari da ernatzen: Gure Esku Dago herri dinamikaren —eta Ibarretxeren?— bueltakoa. Prozesu nazional baterako berme eta sustatzaile lana bete dezake; hasi dira—bide— orria idazten.
«Idaztea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, dokumentatu egin behar dut, eta jakin zer idatzi nahi dudan» (Javier Moro). Hori betaurreko subiranistekin leituta: erabakitzea da prozesuaren azkeneko partea. Lehenago, ardatzak finkatu behar ditut—balio unibertsalak, kultura politiko-demokratikoa, pazientzia...—, eta jakin zer erabaki nahi du —euskal estatua (?)—.
ANALISIA
Prozesua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu