enekoitz esnaola
ANALISIA

Borondateaz

2016ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
EAJk joan den otsailaren 13an eta 14an egin zuen VII. Batzar Nagusia, Iruñean. Aurretik gako batzuk jakinarazi zituen, baina biltzarrean ebatzitako txostena ez zuen zabaldu hilabete pasatu arte, eta ez da askorik aipatu.«EAJren doktrina bere txosten politikoetan jasota dago», dio.

Batasuna eta Indarra du izena txostenak, eta «hurrengo lau urteotako ildo nagusiak finkatzeko xede irmoarekin» egina da, sarreran dakarrenez. «1977an bezala, ezinbesteko dugu asmatzea.Bestelako trantsizioa izango da, baina ordukoa bezain erabakigarria». Xedea: «Euzkadi subjektu politiko gisa aitortua izatea bilatzen dugu, erabakitzeko eskubidearekin, Espainiako eta Frantziako estatuen mendeko estatus politiko eta administratiboa gaindituz».

«Espainiako krisia» aztertzen du, modu kritiko batean. «Agerikoa da Espainiako Estatuak bere egituretan pairatzen duen ezegonkortasun politiko, instituzional eta soziala». EAJren txostenak ilaran aitatzen ditu haren krisi ekonomiko larria, langabezia tasa handia, txirotzea, enplegu ezegonkorra, produkzio egitura desegokia, defizit handia, ustelkeria kasu amaigabea, gobernantza krisia arlo pribatuan zein publikoan, baliorik gabe geratu den Espainia marka, nazioartean jasan duenindar eta eragin galera... Ez dirudi sozio hartzeko modukoa denik.

Estatuko lurralde egituraketa ere hizpide du EAJk. «Porrot» egin duela dio. «Birzentralizazioa aldarrikatzen ari dira; eskuduntzak 'harmonizatzen' hasiak». Ondorioa: «Autogobernua bera da krisi egoeran dagoena, [EAEko] estatutuaren balioa gero eta txikiagoa delako. Autogobernuaren narriatzea euskal nazio nortasuna ukatu izanak eragin du».

EAJk uste du «bidegurutze berri bat» dagoela parean. «Euzko Alderdi Jeltzaleak, orain, norako bidea hartu beharko duen? Argi eta garbi, euskal nazioaren baieztapenerakoa». Horretarako, funtsezkoa iruditzen zaio «denborak zuzentasunez» aztertzea. «Interpretazio zuzena egiteko nazioarteari, estatuko politikari eta, batez ere, gure herriaren konpromisoari begiratu beharko diogu».

Espainiako Konstituzioaren balizko erreforma bati begiratzen dio asko, ondoriozta daitekeenez —dena dela, «atzerako urratsak» gertatzeko arriskuaz ere ari da—. «Konstituzioaren aldarazpen prozesua emango balitz, EAJk berriro aurkeztuko luke 2011ko abuztuan Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aitortzan oinarrituta erregistratu zuen aldarazpen ekimena». Lehen xedapen gehigarria «sakontzea» da «beste bidea». Uste du «konponbide federalak» ez duela balio, «elementu federatu horiek gaur egungo erkidegoak badira».

Beraz, «ukapenaren eta desitxuratzearen aurrean, ezinbestekoa da euskal nazio eraikuntzaren ikuspegi dinamiko eta berriztatzailearen aldeko apustua egitea», haren aburuz. «Euskadirentzako estatus berriaren ezaugarri nagusiak» lirateke nazio aitortza, erabakitzeko eskubidea, erabaki esparruak, atxikimendu askea eta aldebikotasuna. Horra iristeko, «baldintza politiko eta sozialak sortzeaz» ari da Batasuna eta Indarra-n, eta, oraingoa «ETArik gabeko» garaia dela esanez, «ezinbestekoa da Euskal Herria subjektu politikoan eta erabakitzeko duen eskubidean sinisten duten indar politikoek estrategia bat partekatzea zoru etiko-demokratiko batean, gutxieneko helburu batzuetan eta prozesuen erritmoetan oinarrituta».

Laburtuz, deskribapen eta marrazki hori dakar EAJren «doktrinak». Gaur-gaurkoz, alderdi jeltzalean «XXI. mendeko independentista» eta «subiranista pragmatiko» sentitzen denak uste du oraindik ere Espainiarekin «burujabetza partekatua» lor daitekeela, eta nahi du Espainia horretan bizi. Norako bidea hartuko duen? Esaten da borondate ahulek diskurtsoetan dutela tokia, eta borondate indartsuek, ekintzetan. EAJk badaki —konfrontazioa bilatzeke— saiatuta ere bere «doktrina» fruiturik gabe geratzen bada zerekin geratuko den: dagoenarekin, eta duenarekin. Lasai, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.