Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Gutarrismoa

2015eko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Sasoiko Abian da Iñaki Segurola eta haren iritzia, denboraldi berrian. Asteazkenetan, hamabostero, Arratsean saioan (20:05-21:00). Beti bezain mihi aske, zirikatzaile eta probokatzaile; predikatzaile kaxkar, bere ustetan. Inoiz baino garratzago edukietan, goxoago formetan. Izan ere, leundu egin baitu iraganean zerabilen tonu enfatikoegi hori, bere jarioa pedantekeria edo boutade hustzat ulertzera eraman gintzakeena. Hobe entzulearen arreta esaten duen horretara bideratzea, eta ez nola esaten duenera. Azkenekoan, astindu ederra eman zien Amama filmari eta gutarrismoaren jarraitzaileei, pentsamendu uniformerako joera arrotzeko eran. Euskal jendarteari eta kulturari hatza begitik sartuko dieten pentsalariak premiazkoak direla uste dutenek, zorioneko dira.

Politikoa kirol saioan Pablo Iglesias El partido de las 12 kirol saioan elkarrizketatu zuen Joseba Larrañagak ostegunean, ia ordu betez! Gogor kritikatu diote entzule askok kirol tartea eman izanagatik egun osoko albistegiak bereganatzen dituzten politikoei, eta bozgorailua jarri izanagatik etsaiari (ia etakidetzat daukaten horri). Formula gomendagarria izan daiteke kirolaren lokatzetara eramatea politikaria, jokoz kanpo harrapatzen saiatuz nor zein den benetan jakiteko. Iglesiasek diplomazia buenista erabili zuen maiz, inongo foroforik ez mintzearren. Hori bai, behin Espainiako selekzioa aipatuta, abertzaletasuna isuri zitzaion bihotz-barnetik, arrazoi emanez topikoari: eskuineko nazionalista espainiarraren antzik handiena duena ezkerreko nazionalista espainiarra dela dion horri, alegia.

Ea noraino Espainiako hautagaiak irratira gonbidatzeko asmoa iragarri zuen Larrañagak. Ikusteko dago Kataluniakoak eta Euskal Herrikoak sartuko ote dituen zakuan pasaitarrak. Gogoko ohi du bere jatorria eta bere paisanoak goraipatzea Madrilen. Ea noraino eramateko kapaz den jatorrismo hori…

Neutrotik, gutxi «Israelgo polizien tiroek palestinarra hil zuten, honek israeldar bati labankadaz eraso egin eta gero». Gero eta normalago egiten ari zaigu gertaera azaltzeko modu ustez neutro hori albistegietan, baita EITBko irratietan. Komeniko litzaiguke irakurtzea Amnesty Internationalek argitaratu berri duen ikerketa: maiz sei-zazpi poliziek armarik gabe lurrean etzanda zeuden palestinar ugari erail dituztela dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.