andoni egana
PLAZATIK

Kataluniarragoak

2014ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Astebete baino lehen izango dugu berririk. Jakin-minez nago. Ez naiz, hurrik ere, analista, eta horrexegatik sentitzen dut premia ingurua hobeto ulertzen lagunduko didaten emaitza horiena. Ez baita gauza bera Eskozian baiezkoa edo ezezkoa gailendu. Eskoziarrek ez banantzea erabakiko balute, Quebecen gertatu izan den gisan, geureganatuko genukeen ikasgai bakarra litzateke ederra dela hautatu ahal izate hutsa eta erabakitze eskubidea den kontu laino hori hautetsontzietan zertzea. Asko baina gutxi. Ezezkoaren garaipenak gure eta gu baino zaharragoko belaunaldiaren fidagaiztasun betikoari emango lioke babes. Gu, zerbait bagara horixe baigara: fidagaitzak.

Gure buru-eskemetan nekez kabitzen da politika kontuetan inor beste norbaitengandik banandu nahi eta natural-natural banantze hori. Odola gerturik zeukaten haiengandik hurbilekoegiak gara. Latz hartu gintuzten eta latz irudikatu dugu, derrigor, askatasun bidea. Borroka hitzak bete du gure hiztegia eta borrokatu gabe ezer ez dela lortzen hitzetik hortzera entzungo diozu baloi baten atzetik dabilenari ere. Izugarri sufritu dugu. Izugarria irudikatu askatasun eguna. Izugarriak behar zuketeen ondorioz, lorpenerako egin beharreko urratsek. Eta izugarrikeriarik ez bazen tartean ez ginen fio. Betiko blaga zen. Jardun eta jardun ezertara ez iristeko. Bizkar-zorro horrekin gabiltza, atseden hartzeko tarteka kentzen ahalegindu arren, gure belaunaldikoak. Eskoziarren ezezkoak are gehiago kargatuko liguke lehen aski zamatutako bizkar-zorroa. Taberna-zuloko berriketaldietan nagusi litzateke eskoziarrenaren ondoren Katalunian azken orduan atzera egingo dutela eta tokitan gabiltzala gu eta horrelakoak ardoa mindua balitz bezala ezpain muzinduz liokeena. Askok ikasi dugu etsipenak, errezeloak eta fidagaiztasunak ez garamatzala inora. Ikasi dugu gure esku dagoela esaten ere. Ezpainestuka ordea. Aldi berean bizkar-zorroko mamutxoak irrigaizto egiten digu eta «ez duk hain erraza izango» esaten. Eta « bai, bai, baina noren aurka ari zaretela uste duzue?». Eta «hain samurra izan balitz lehengoek ere lortuko zitean zerbait». «Guk ez diagu horrelakorik ikusiko» zital batekin amaituko du jarduna.

Horregatik nago eskoziarren erabakia banantzearen aldekoa gerta dadin zain. Ikasteko. Ikusi egin nahi dut irudikatu izan dugunetik eskoziarrek garatzen dutenera ze alde dagoen. Hain humanoa den egoera berriei eusteko beldurrari aurre nola egin dioten jakin nahi dut. Banantzearen aurka bozka eman dutenak baiezkoak irabaztera sortuko luketen herri horretan nola txertatuko liratekeen jakitea zait pizgarri. Lehengo ispiluari begiratzen aspertu gara. Berria behar dugu, gurea ez bada ere.

Gure belaunaldikook behar dugu gainera ispilu berri hori gehien. Gure seme-alabena, bere euskaldunean, gurea baino askoz ere «kataluniarragoa» dela entzun nion adiskide bati. Guk itsatsia daukagun eta haiek ez daramaten bizkar-zorroaz ari zen nonbait. Askeagoak dira, haien buru-eskemetan bestelako ikuspegiak ere kabitzen direlako. Izugarrikeriarekin ez dutelako lotzen eskubideak gauzatu ahal izatea. Naturalago hartzen dutelako dena. Lanera joaten dira, edo Lanbidera, eskolara, lagunartera, txosnetara, kirola egitera, kalera… eta munduko gauza naturalena iruditzen zaie nahi duenak nahi duen huraxe izateko duen eskubidea baliatzea. Eskoziarrek banantzea erabakiko balute, Katalunian azaroan galdeketa egingo balitz, Euskal Herrian burujabetasunaren aldeko mugimenduak indar handiagoz ekingo balio… espantu handirik gabe hartuko lukete belaunaldi gazteek. Gu gara badagokigula milaka aldiz esan arren erabat sinisten ez dugunak. Datorren astean, guk presakago ekingo diogu Eskoziako emaitzak jakiteari. Gure seme-alabek, presa gutxiagoz baina bizkorrago ibiliak, «badakit» erantzungo digute. Eta «badakit» horrek balio du gure suhartasunak adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.