Katramilatuta dago oraindik ere eskola garraioaren auzia. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak atzera bota ditu garraio enpresek zerbitzua ematera behartzen dituen aginduaren aurka eskatutako kautelazko neurriak. Hezkuntza Saileko zerbitzu juridikoek ondorioztatu dute enpresek emandako argudioek ez dutela «oinarri legalik» kautelazko neurriak onartzeko. Jaurlaritzak atzo iluntzean eman zuen erabakiaren berri, ohar bidez.
Horiek hala, eta garraio enpresek aurkeztutako helegiteak ebatzi bitartean, Eusko Jaurlaritzak enpresei gogoratu die eskola garraioko zerbitzua ematen jarraitzeko betebeharra dutela, joan den asteartean argitaratutako aginduan jasotako ibilbideetan. Hezkuntza Sailak azpimarratu du eskola garraioa «funtsezko zerbitzua» dela, eta ez ematea ikasleen hezkuntza eskubidearen aurkako «eraso zuzena» dela. Jaurlaritzak dio «interes orokorreko» arrazoiak daudela kautelazko neurriak aintzat ez hartzeko.
Eskola garraioko enpresen erabakiak 10.000 ikasle ingururi eragin die; batez ere, herrietakoei. Iaz ere kolokan egon zen zerbitzua, baina azkenean enpresek emanegin zuten, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak aurrekontuan %24,1eko igoera ezarri zuelako. Aurten, hala ere, mahai gainean jarri dute berriro auzia. Urtearen hasieran, Jaurlaritzak lehiaketara aurkeztu zituen eskola garraiorako ibilbideak. Gehienak hutsik geratu zirenez, ibilbide horiek iaz egin zituzten enpresekin jarri zen harremanetan. Proposamena egin zien: ordura arteko baldintzetan egitea ibilbide horiek. Gipuzkoan gehienek onartu zuten, Araban %17k eta Bizkaian batek ere ez. Egoera ikusita, Jaurlaritzak agindu bat ezarri zien enpresei, eta, hala, ibilbide guztiak egitera behartu zituen.
Hezkuntza Saileko iturriek esan zuten EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratutako agindua «legezkoa» zela. Enpresek, berriz, kontrakoa adierazi dute. Agindua bete ez duten enpresek agerraldia egin zuten atzo goizean Gasteizen. Miguel Zulaika eta Guillermo Sainz abokatuek salatu zuten agindu hori «neurriz kanpokoa, ulertezina eta ilegala» dela. «Botere gehiegikeria» leporatu diote Jaurlaritzari. Agindua ezartzeko prozedura «irregular» bat erabili da, abokatuen arabera: «Ez zaie banan-banan abisua eman enpresei, eta ez dituzte arrazoi juridikoak eman».
Aginduaren aurkako 30 bat helegite aurkeztu dituzte. Aginduaren kautelazko indargabetzea eskatu dutenez, uste dute enpresak «juridikoki legitimatuta» daudela zerbitzua ez emateko.
Guraso batzuen kezka
Eskola garraioaren auzia pil-pilean dela ekin zioten atzo ikasturte berriari Hego Euskal Herrian. Beste hainbat eskolak bezala, Bilboko Cervantes ikastetxeak atzo eman zion ongietorria ikasturteari. Batzuk oinez heldu ziren. Beste batzuk, berriz, garraio publikoan. Normalean, beste aukera bat izaten dute: ikastetxeak eskola autobusaren zerbitzua ematen du Bilbon bizi diren haurrentzat. Herenegun, ordea, gurasoek jakin zuten ez zutela aukera hori izango, eskola garraioko enpresa batzuek adierazi baitzuten ez zutela zerbitzurik emango Araban eta Bizkaian.
Marta Chavezek ez zuen arazorik izan alaba eramateko: «Autonomia kaletik oinez etorri gara». Hala ere, hurrengo egunetan egoerak berdin jarraitzen badu, ez daki nola moldatuko den: «Aurkezpena 11:00etan zenez, lanean ez dut arazorik izan, baina hurrengo egunetan eskolak 9:00etan hasiko dira; ez dakit nola egingo dugun». Izan ere, enpresek argi utzi dute egoerari konponbidea eman arte ez dutela zerbitzurik emango.
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ere balorazioa egin zuen atzo. Helegiteak jaso dituztela onartu zuen, baina ez enpresek jarritakoak bezainbeste. Hezkuntza Sailean, behintzat, hamabost jaso dituzte: «Auzitegian jarri baldin badituzte, guk ez dugu haien berririk». Helegiteak aztertuko dituzte orain, zer neurri hartuko dituzten erabakitzeko. Sailburuak enpresei eskatu zien euren jarrera «berriz pentsatzeko».
Eusko Legebiltzarrean ere kritikatu zuten egoera: EH Bilduk, Elkarrekin-Podemosek-IUk eta PPk Jaurlaritzari egotzi zioten eskola garraioaren arazoa gaizki kudeatu izana. Hori dela eta, EH Bilduk Bildarratzen eta enpresen agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean. Egoera «berandu eta gaizki» kudeatu izana leporatu diote Jaurlaritzari, eta «inposizioaren bidea» hartu izana.
Era berean, Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko Legebiltzarreko bozeramailearen arabera, «ikasturte hasierako kaosaren» ondorioak familiek ordaindu beharko dituzte. Horren arrazoia «oinarrizko zerbitzua den eskola garraioaren pribatizazioa» da. Carmelo Barrio PPko Legebiltzarreko bozeramaileak gogoratu du iazko ikasturte amaieran ere arazo bera egon zela: «Familiek moldatu behar izan dute garraioa ordezkatzeko».
Atzera bota dituzte garraio enpresek eskatutako kautelazko neurriak
Enpresek ohartarazi dute Jaurlaritzak konponbidea eman arte ez dutela zerbitzurik emango
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu