mikel elorza
ARKUPEAN

Eraginkorregiak

2014ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Amerikako Estatu Batuetan ez dakit, baina munduko estatu barreiatuetan izan al du zalapartarik CIAren torturenak? Gehiegi ere ez, mundua oso handia da eta informazioa toki orotara iristea ez da erraza, legez kanpoko atxilotuak aise asko iritsi izan badira ere. Europan bai, txalotu dute batzuek Guantanamo oraindik arropa laranjez beteta daukan Bakearen Nobel saria, Obama jauna. Hemengo betaurrekoekin ere egin diogu so hainbatek Espainiako hedabide zenbaitek izan duten erreakzioari, AEBetako Senatuarenak adinako, gutxienez adinako, sinesgarritasuna dituen txostenak asko baitaude Espainiako Estatuan tortura sistematikoa izan dela erakusten dutenak. Badakigu, baina, errazagoa dela auzoaren etxeko bañera ikustea etxeko urtegia baino. Endarlatsako urak, adibidez, duela 25 urte.

Inori aditu diot ñabardurari erreparatzen, eraginkortasunarenari, baina ez askori. Kexu dira senatari demokratak atxilotuei eragindako tratuak, kriminalak ez ezik eraginik gabekoak izan zirela. Ez zutela maiz balio izan atentatuak saihesteko, informazioa lortzeko, terrorista gehiago atzitzeko.

Ez dela eraginkorra? Izango ez da, bada! Beldurra eragiteko balio du, izua zabaltzeko, agintea nork duen erakusteko: zigorgabetasunerako. Gure errepideak oraindik ere, are udazken betean eta hostoak erorita, berdez janzten dituzten kontrol horiek bezala: bere alferrikakotasunean oso eraginkor. Hemen gaude eta ez daukagu joateko inolako asmorik. Eta zu, atxilotu jaun edo anderea, hemen zaude eta ez daukagu zu joan zaitezen inolako asmorik. Joan zaitezenean, gainera, irla karibetar honetako souvenirrak eramango dituzu. Beste galdera bat ere bada, gehiegikerien aldean ostenduta gelditzen zaiguna. Alegia, estatubatuarrak eurak noiz arraio joango dira Guantanamotik? Noiz ezarriko diote euren base militarrari blokeo behin-betikoa?

Espainian tortura saio bikain askoak eragin dira, Poliziak eta Guardia Zibilak nahi izan duten moduan jardun dute. Euskal herritarrekin asko, letra larrizko gatazka baitzen hemengoa, baina baita besteekin ere: etorkinak, islamistak eta disidentzia politikoa orokorrean. Edozein herritar, hain zuzen ere, atxilotu bihurtzen den unetik, mozkortuta gidatzeagatik atxilotzen badute ere, beldurtuta egoten da. Ez dela eraginkorra esango dute gero.

Eta aste honetan Segurtasun Legea onetsi dute, Senatutik pasatu eta indarrean izango dena. Hain zuzen ere Poliziari gure segurtasunaz arduratzeko ahalmen gero eta handiagoak ematen dizkiona, emanez, ahalmenekin batera, berme konstituzionalak kudeatzeko boterea ere. Egunkaria-ren itxiera euskararen aldeko ekintza izan zen bezala, manifestatzeko eskubidearen aldekoa omen da neurri hau. Seguru.

Madrilera joan gabe, baina, askatasunari guraizeekin Gasteizen ere heldu zaio. Menpekotasunen Legea. Lehen ere jarduna naiz honetaz, baina dena debekua da, erretzea, edatea eta ez dakit zer gehiago ere galarazi nahi digute agintari txit kezkatuok, sotanarik gabeko apaizok, gure osasunaz guztiz arduratuta, gazteek txikitandik egin dezaten bizitza kardio-osasungarria, aratz eta garbia, biziorik gabea —bizirik gabea?—. Bazkari eder batekin ospatuko zuten gero legea ondo egin izana, ardo bikainak, koparen bat eta komunera buelta batek edo bestek. Seguru.

Benetako menpekotasunak, dena den, agerraldi latzak izan ditu asteon Espainiako Estatuan; bortitz gurean ere. CIAkoen balentrien txostenean irakurtzen genituenak, itotzeak, loa galarazteak, sexu erasoak eta kolpeak heriotza eragiteraino, Guantanamon ez, gure kale eta espaloietan hainbat emakumek jasaten du. «Esa extraña latitud / que es ser muerta en vida», ostuko dizkiot hitzak poetari. Bizi bitartean hila, eta maiz, bizitzen hasteko asmoa agertzean normalean, eraila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.