elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

1615

2015eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Gipuzkoako hainbat herrik hiribildu izatea lortu zuten 1615ean, eta hori gogoratzeko 400. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dabiltza. Legorretan ereserkia estreinatu dute, Patxi Ezkiaga idazlearen hitzekin. Zerainen Santa Ageda bezperako iluntzean bildu ziren xaguak, mokadu baten inguruan. Idiazabalen egun berean —San Blas txiki haientzat— eman zieten hasiera ospakizunei, Argentinako Idiazabal herriko alkatea gonbidatuta. Andoainen hilaren lehen egunean ekitaldi instituzionala eta segidan herri antzerkia izan zuten. Beste herri batzuetan ere urtean zehar egingo dituzten ekitaldiak prestatzen dabiltza.

Guztira hogeita hamar herri gipuzkoar izan omen ziren 1615ean herribildu izatera iritsi zirenak; gehienak Segura, Ordizia eta Tolosatik banatuta. Izan ere, herri nagusi horien baitan zeuden besteak XIV. mendeaz geroztik. Babes bila jo zuten haietara, batez ere ahaide nagusien atzaparretatik libratzeko, baina babesa behar zuena menpekotasun bihurtu zitzaien. 1615ean Felipe III Espainiako Erregeak askatzeko aukera eman zien... diru truke; hau da, herri bakoitzak erosi egin behar izan zuen hiribildutza; 25 dukat familiako.

Ez dakit beste herrietan zer gertatuko zen, baina gurea, Ormaiztegi, zorrak itota geratu zen, mailegua maileguaren atzetik eskatu beharrean: ola bat eraikitzeko, eskribauari ordaintzeko, 1625ean Behobia defendatzera joan behar zuten soldaduentzat bolbora, soka eta abar erosteko...Burua altxa ezinik ibili ziren gure arbasoak urtetan, eta okerrena mendearen bukaeran etorriko zen: gosete izugarria; sei idi jarri behar izan zituen udalak 1700.ean herritarrei jaten emateko. Errua espekulatzaileek izan zuten; alea hartu eta gorde egin zuten prezioak gora eta gora egin arte, eta orduan jarri zuten salmentan; adibidez, gari anega 30 errealetik 100era igo zen bi hilabetean.

Herriko dokumentuei darizkien istorioek historia hatz puntekin ukiarazten dizute, lau mende atzera egin arren. 1649an Ormaiztegin bizi ziren kapareen zerrenda egiterakoan azaltzen diren etxe izen gehienak gaur arte iritsi zaizkigu: Aranguren, Arandi (Tomas Zumalakarregiren jaiotetxea), Arizmendi, Beorreta, Berjaldegi, Eliztondo, Sagastiberri, Udabarro... soinu paisaia berbera da, eta horrek zurkaiztu eta bermatu egiten du etxe horiek osatutako gunean gertatutakoa; sinesgarri bihurtzen du. Enpatiaz, ulertu egiten dugu herri txiki hartako ehun eta hogeita hiru biztanleek izan zuten askatasun egarria.

1615ean, Erdi Aroa atzean utzita, ahaide nagusien garaia gaindituta, gizarte egitura aurreratuagoaren aldeko urratsa eman zuten herriz herriko autonomia bilatu zutenek, ondo izerditutako dukatez ordaindu behar izan arren. Nolakoak ote ziren mugimendu hura bultzatu zutenak? Ba ote zuten antzik Cervantesek urte haietan argitaratu zuen Kixote-ko vizcaino-arekin? Ordurako Espainiako antzerki komikoan figura errepikatua zen gaztelera aldrebesean mintzatzen zen euskal arlote-arena.

Bost urte lehenago, 1610ean, erre zituen Inkisizioak Logroñon Zugarramurdiko eta Urdaxeko hamaika gizon-emakume; ze berri ote zuten haietaz gipuzkoarrek? Goierri aldean edo Tolosa inguruan, ez ote zegoen sorgin eta aztirik?

1615ean, Islandian, izugarrizko sarraskia egin zuten hango biztanleek hara balea arrantzara joandako euskaldunen artean; iritsi ote zitzaien hango albisterik Gipuzkoa lehorreko herritarrei?

Azkenean, Frantzisko Mendieta idazle eta pintorearen Ezkontza Begoñan koadroa (1607) aurrean hartu, argitaratu berri den Berpizkundeko euskal musika entzuten jarri eta… hor nonbait irudika ditzaket herri txiki xumeentzat duintasun juridikoa eskuratu zuten haiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.