Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Xeminota

2016ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Mexikoko Iraultza halaxe egin zelako eraiki zuen mundua burdinbidearen gainean Elena Poniatowskak Trena doa aurrena nobelan. Langile indigenak, patronal gogorra, emakume borrokalariak, elkargoetan infiltratutako poliziak... oinarrian, 1959an herrialdea geldiarazi zuen xeminoten greba eta Demetrio Vallejo lider sindikalaren biografia, Trinidad Pineda eleberrian: «Injustizia gehiago ez izatea da ene erlijio bakarra».

Arrisku handiko nobela Poniatowskarena gure gogo-begietatik, tolesdurak tolesdura, ideologikoki gainditua dugulako aldarri arranditsuena, eta zer demontre, poliziei aurre egiten dieten langileek, mitinek eta kartzelaldiek panfleto kerua dakarkiotelako narrazioari. Kronika obrero bat? Mesedez! Trena askatasunaren ikur dela geuk ere badiogu, baina bidaiatzeko erosoa delako autobusaren aldean, ez beste ezergatik.

Eta horrela heldu zaigu albistea. Espainian, Osornon, trena geltokira iritsi denean, txoferra lokomotoratik jaitsi eta han geratu dira 109 bidaiariak, basamortuaren erdian. Arrazoia gidariak eman du: betea zuen lan-ordu kopurua, denak arriskuan jartzea litzateke jarraitzea, eta huts larria. Ez zen gertatzen zen aurreneko aldia, jakinaren gainean zegoen enpresa. Non zen erreleboa? Galdetu eurei.

Osornoko makinista ez da Poniatowskaren fresko sozialetik atera, baina Trinidad Pineda jauntxoentzat baino piztiago erakutsi digu prentsak. Grebak zikintzeko erabili ohi den argudiobideari tiraka, geltokian bi orduz itxaron behar izan duten bidaiarien eskubideak urratu omen ditu. Fitsik ez enpresaren arduraz lerroburuetan. Xeminotak sortu du endredo guztia: «109 bidaiari part botata Osornon makinista trenetik jaitsi delako».

Gauzak zer diren, 2013ko Cervantes saria eman zitzaionean, «Elena Poniatowska, lurrik gabekoentzako Sancho Panza» bataiatu zuen Trinidad Pinedaren sortzailea egunkari berak. Argazkian idazlea ageri da, Juan Carlos I erregeari musu ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.