Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Liburua

2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Ia begirik bildu gabe eman ditu asteazken geroztiko gauak Carles Puigdemont, Kataluniako Generalitateko presidenteak. Hasieran, Moncloan Rajoyrekin elkartu ostean etxera bidea loeroan egin bazuen ere, hondar egunetako gertaerek airean daukate. Bai, ondo daki gobernuburueen artean usadioa dela liburuak sastakai gisa ematea opari.

Chavez etorri zaio, Eduardo Galeanoren Latinoamerikaren zain irekiak dohain egiten Obamari.

Hor du ohe ondoan liburukotea, bere galdera eta guzti. Ezkutuko zer asmo erabili izan ote du Rajoyk oparia egiteko? Aurreneko gauean, Madrildik bueltan, pijama jantzi eta irratiko barbar artean sartu zen zaldi zurian: bigarren parte honetan jotzen dute On Kixotek eta Santxok Bartzelonara. Eta hala hartu zuen loak.

Harik eta izerdi hotzetan berehala itzarri zen arte. Liburua zabaldu eta deabruak hartuta bezala dantzatu zituen orriak. Gaztetako irakurketaren itzalak zetozkion. Horra non den Roque Guinalt, bide-lapur katalana. Bandolero deitzen ari zaio Rajoy? Galerianoak bisitatzen dituzte portuan gero mantxego biek. Preso nahi du akaso? Baina itxaron, ez dio handik gutxira Sanson Carrasco batxillerrak egundoko jipoia eman ziola On Kixoteri eta hala behartu zuela agintzera laga egingo zituela abentura eroak?

Erotzen hasita bera dago. Hurrengo egunean Toboson da Rajoy, Cospedalekin. On Kixote omen da bata eta Dulcinea bestea, hala diote guztiek. Kopa altxatzen ikusi du gizona: «Gauzak neurriz eta senezegitearen alde!». Ez da erraza ezer ulertzea.

Edo bai. Rajoyk ez du egundo On Kixote irakurri, pentsatu du halako batean, protokolo-buruak egin dio gomedioa, zer egokiagorik katalanen espainoltasuna frogatzeko hispanitatearen libururik behinenean agertzea baino. Ez dago besterik. Beste guztia, erotu arte irakurtzea, mila menturetan galtzea, imajinazioaren ederraren aldarria, daudela ikasleentzat gazte diren artean. Zer ote daki On Kixotek politikaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.