Zer egin oinordetzan heltzen zaizkigun txipi-txapa arkitektonikoekin? Joseba Asironek, seguru asko Iruñeko udal gobernua osatuko duten beste talderen batekin hitzartuta, garbi esan du: «Erorien Monumentua Askatasunaren eta Memoria historikoaren gune izango da». Akabo beraz meza frankistak eta fuera Mola eta Sanjurjo jeneralen hezurrak kriptatik. Ezkerrako Edurne Eginoren proposamena harago doa, eraitsi egin beharko litzateke, besteak beste, memoria historikoaren legea ez betetzeaz gain eraikinaren balio estetikoa hutsa delako.
Testuingurua eta balio estetikoa beraz. Ederra pastela udal askotan daukatena. Eskerrak erabaki batzuk ri-rau hartu ziren trantsizio garaian. Azpeitian, ez kontrakorik gabe, Leo Etxeberria zinegotziaren proposamena onartuta auskalo nora gorde zen Hankaundiren monumentua, herriko erorien aldekoa, nahiz eta kasu hartan, zer ederretsi bazuen ustez: Julio Beobiderenak ziren errekete harri gorrizkoa eta atzean zuen gurutzea. Eta horra legarra gure zapata noranahikoetan. Diktaduran landatuak izanagatik, beldurra zaio erlijioaren agerpen sinbolikoak erauzteari.
Ezen ez da erraz ulertzen bestela, memoria historikoaren legeaz ardura erakutsitako udaletan ere, zergatik ez den era eragingarri batean proposatu lurrarekin berdintzea, eman dezagun, Bilboko Jesusen Bihotzaren monumentua Kale Nagusiaren buruan, edo Donostiakoa Urgullen edota Tuterakoa Banu Qasitarren gazteluaren hondarren gainean. Erregimen nazional-katoliko baten propagandaren begian eraikiak, balio estetiko zalantzazkoak, ahistorikoak ez direlako mingarriak, eta dena esatera, sinesmenarekin zerikusirik ez duten zaplastekoak hirurak.
Astiro joan behar den, ez dakit. Astiro goazela, bai; hain astiro non laster balio historikoa dutelako babestu beharko ditugun giza duintasunaren kontra harrotutako obra zantarrok.
LARREPETIT
Zerubiden
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu