Memoria, zentellalakoa, Migel Gallastegi eibartar pilotariarena. Mende beteko bizialdirako urtebete baino falta ez duela, ikaragarria da erakusten duen gogamena. Tip eta tap aletzen ditu atzokoak balira harako-harako gertaerak. Pilotaz galdetuta, doitasun itzelez ekartzen ditu tantoak ere iragan urrun hartatik. Eta hala, debutean 22 eta 16 galdu zuela dio, Marinoren kontra, Astelenan, sanjuanetan. Hilabeteak falta ziren gerra hasteko.
Ez du Gallastegik memoria ariketarik behar burua ondo izateko. Hori baita behinena, burua ez herdoiltzea, bizitakoa ugarretan ito ez dadin. Gogoratu, zertarako eta, hala egin dugu terminologia geure, «kalitatez bizitzen» segitu ahal izateko.
Pribatutik publikora igarota, beste horrenbeste gertatzen da. Azken beltzean, beste era batera formulatuta bada ere, gizarte osasuntsua izateko sortu ohi dira memoriaren aldeko talde, elkarte eta erakunde guztiak. Egia jakin, diogu, historian gertatu akatsak berriro errepika ez ditzagun. Memoria gizarteak bizirik eta osasuntsu segi dezan.
Horrexegatik hartzen du neurriz kanpoko dimentsioa Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko epaileak deitutako ertzainek erakutsi duten amnesiak. Zurtzekoa, ez da. Ez da poliziarik ez hemen ez munduan bere teilatu gainera harririk botatzen duenik. Kontua da Aresek orain ia bost urte «amaieraraino ikertuko» zuen kasua Milan Kunderaren hura bihurtua dela dagoeneko, memoriaren eta ahazturaren arteko borroka, gizakia da boterearen kontra.
Ikertuak administrazioaren soldatapeko izateak eskandalu politiko bihurtu du Cabacas auzia. Ezin deus gogoratu, 22-16 Astelenan. Inork deitu gabe, ofizioz atera beharko luke Gogora, Memoria, Elkarrizketa eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari den Aintzane Ezenarrok Cabacas kasuko Alzheimer borondatezkoa salatzen. Eta ertzainak Gallastegiren adinera heldu baino lehen, ahal dela behintzat.
LARREPETIT
Memoria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu