Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Ibiltariarena

2016ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Arrunt eri zen ordurako. Halako batean, Alonso Quijanori ikasita bezalaxe, ohe gainean etzan eta liburuak eskatu zituen:

«Baina mesedez, ez daitezela bidaietakoak izan».

Eta hala, orriz orri, lehendik ezagunak zituen hamaika txokotara itzuli zen. Fikzioa izanagatik, jendea, paisaiak eta gertaerak berreskuratzen lagundu zioten. Tarteka malkoa ateratzeraino hunkitzen zen idazleak bere errotan jotako istorio haiekin. Denbora erraz zihoakion hala.

Egun batean, dutxatik atera berri, konketa gainean utzitako erlojuari eman begia eta alabari deitu zion:

«Gauzak zer diren! Neuk halakoxe erlojua zaukanat!»

«Zeharo egin zaizu ala? Zeurea ez da ba!».

Ohe ondoan pilatzen zihoazkion liburu haiei esker, ezagutu gabe geratu zitzaizkion hamaika herritan ibili zen. Desibili egin behar izan zuen lehendik ibilitako asko.

Handik astebetera, janzten ari zela, armairuan zintzilikatutako praketan erreparatu eta semeari hots egin zion:

«Kasualitatea! Neuk ere horrelakoxe galtzak ez ditiat bada!»

«Ez zara benetan ariko, ezta?».

Eskolan hala aginduta, bilobek nazionalismoa bidaiatuta sendatzen den galdetu ziotenean, ez ahazteko espainiar errege-erreginen karabelak esan zien, itsaso-urratzen arpilaketara joanak; frantziar tropen ibiliak Afrika mendebaldean, Indotxinan eta Polinesian; Estatu Batuetako marineenak Korean, Somalian, Iraken...

«Bada horiek baino gehiago ibili denik munduan?».

Handik gutxira, eguna argitu aurretik begiak zabaldu eta denbora eman zuen gelari begira. Gero komunetik pasa zen, sukaldetik, egongelatik. Lo zeudenen arnas hotsa sumatu zuen ate atzeetan. Dena zitzaion ezaguna. Eskailburuko atea zabaldu zuen.

«Neuk ere horrelakoxe etxe bat daukat» esanda agurtu zuen lanera zihoan aldameneko bizilaguna. «Banoa, ea topatzen dudan».

Egun hartan bertan, autobus geltokian eserita aurkitu zutenean erabaki zuten etxekoek ingresatu egin behar zutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.