Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Duintasuna

2015eko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Duintasun instituzionalagatik» eten zuen Jonan Fernandezek, hala dio berak, Duesoko espetxean Rafa Diaz Usabiagarekin izaten ari zen solasa, funtzionarioak idazten ari zena emateko eskatu zionean. Espainiako gobernua ez dago inoren oilarkeriak jasateko ordea, garbi gera bedi, horretan ere, monopolioa nork duen. Eta halaxe esan du, bisitaria ez, zuzendaritza bera izan zela ikusia bertan behera utzi zuena presoak idatzi bat erakutsi zionean Fernandezi berinaren bestaldean.

Bertsio diferenteena ez zaigu harrigarria. Poliziaren tiroz hildakoak hegan zihoazelakoa, klasikoa da gure kulturan. Kasu honek berezitik beste zerbait du. Jonan Fernandez ez da edonor, lanera joana zen Duesora, eta irteeran esatekoak izan dituenak, egon da nork jaso. Ez alferrik, Eusko Jaurlaritzako Bakea eta Bizikidetza saileko buru da. Gobernu baten bermea du, eta horregatik izan dugu, hemen behintzat, Fernandezen bertsioa entzuteko parada.

Galdera berez dator. Espainiako kartzeletan bisitariei ezartzen zaien logika hau bada gobernu bateko ordezkariarekin, zer ez ote den gertatzen senide eta lagunekin. Umiliazioak salatuta daude: bisita ukatzea ehunka kilometro egin ostean, biluztu beharra, zerrenda beltzak, jazarpena autoz etxerako bidean errepidetik atera arte... Instituzioek aldarrikatu beharreko duintasuna badute, pertsonek ez dute haien bestekorik? Non daude orduan mikro horiek, Fernandezi asteon ahoko zuloan jarri zaizkionak?

Kartzela batean ateratako argazkia jarri zuen Twitterren oraintsu Aitor Merino zine zuzendari eta aktoreak. Bisitara joana zen eta komunak ageri ziren, pixaz gainezka, okaztagarri. «Gureak horrela badaude, nola ote daude barrukoak?», zuen kezka.

Barrukoak, zinetik zinera, Borja Kobeagaren dozena bat filmetarako ematen du. Kefirra kendu zioten harena bezala, «ziegan debekatuta dagoelako animaliak edukitzea».

Nork kontatu izango luke, nahi izatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.