Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Rosalia

2017ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Urtero jasotzen dut otsailaren 24an Galiziatik. Argazkian ez zaio emakumeari opa didaten zoriontasunaren izpirik nabaritzen: «Feliz día de Rosalía». Eta horra non ageri zaidan, beti bezain goibel arrosa baten ondoan, Rosalia de Castro, literatura galegoa modernitatearen bidean jarri zuen emakumea. Ez dakit jaiotzaren zenbatgarren urteurrena ospatuko duten aurten. Kontuak atera ditut: ehun eta laurogeigarrena. Euskal letretan zein duen garaikidea begiratzea otu zait: Bilintx baino sei urte gazteagoa da.

Gero, lagunen gaztiguak behartuta bezala, haren letra artean eman ditut hurrengo orduak. Ez da erraza: historiaren ibiletak erdoka handia erantsi dion idazlea da Rosalia. Apaiz baten alaba, Pizkunde Galegoaren ideologo nagusia izan zen Manuel Murgiaren emazte, galegistek sakralizatua, espainolek euren imaginarioara eramana (500 pezetatako billeteetara lehen, Norwegian aire konpainiari esker Boeing 737 baten buztanera orain, «Spanish author»), neuretzako Rosalia baten bila abiatu naiz.

Ez nau jabaldu. Beti eman izan zaion irudi malenkoniatsuaren ordez, mindura latz batek zaurituta ageri zait. Eta edizio lanetan zebilela senarra saiatu zen arren emazteak eman zezakeen itxura leuntzen, alferrik da. Kontzientzia du arramazka. Ez da erlijioan atseginik munduan gaudenontzat; eta gai sozialetan nagusia emigrazioarena duelarik, ez du begia Ameriketara doazen gizonengan, haiek itzuli zain, lurra lantzen eta haurrak jagoten esperoan gelditzen diren emakumeetan baino. Itxaroteaz aspertuta, bizitzaz nazkatuta, emakume haien etsipen berak zikintzen du poetaren lana.

Halako goibel-giro batek kutsatuta atera naiz kalera. Urrun gabe, inautea deika. Bi mutil jolasean aurreko ostatu atarian. Apaiz jantzita dabil bat, emakume bestea. Ingurukoen algara artean, gezurretako bularrak estutzen ari zaio sotanaduna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.