Iñigo Aranbarri.
LARREPETIT

Bestea

2017ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Ez da izango gaur egun Donald Trump baino pailazo homologatuagorik. Sartzen zaren tokian sartzen zarela, eta telebistan ez bada berripaperen batean han ageri bada bera, beti dago baten bat presidentearen ilajea edota larruazal brontzeatua aterako duena solasera. Emazteari egin atzen zatarkeria ahomentatuko da bestela. Irribarre kolektiboa loratuko da orduan, giroak zertuta. Gutxitan bezala, lasai jardun daiteke morroiagatik gaizki-esaka inork beste izkinatik kontra egin gabe. Bedeinkatutako egia unibertsala da Donald Trump lasai jipoitu daitekeen txingotea dela.

Serioagoek Mexikoko hesia aipatuko dizute. Zorrotzagorik badago, nongoek ezin duten sartu AEBetan esango dizu, eta tapa botako zerrenda beltzeko zazpi lurraldeak. Jantzienak trabesa egingo dio jaso nahi duenari: baietz legealdia akitu aitzin Irani eraso militarra jo. Ordurako zimelduak dira ezpainak, ordea. Kontu beltzak dira horiek, eta gauza handia elkarbizitza.

Horrexegatik, giroa gaiztotzea merezi ez duelako ez da egokia konparazioak ekartzea solasera. Esaterako, ez hangoa bezain luzea, baina hesi kontuan, Espainiak ere badituela bi eder askoak Ceutan eta Melillan, Afrikako mexikarrak sar ez daitezen. Gurean sartzea ez baita geu batera eta bestera firin-faran gabiltzanean bezain erraza. Praktikan, gehiago dira gure zerrenda beltzeko estatuak: pasaporteak hutsa balio du diruz ere eros ezin litekeen bisaturik gabe. Gerrak hasteaz, berriz, zer esan. Libre dabiltzala, inor atzetik ez dutela, esaterako Irakekoa piztu zuten haiek.

Hori dute ederra pailazoek. Tripak bota beharrean aritu zaitezkeela haien lepotik. Adostasun zabalak ematen digu baimena. Horretan gabiltzala inork gutxik eskatuko digu konturik geuri. Estrapolatzen galbiltzanez, eta urrutikoetan sartzeke, ohar bat: aspalditik ari dira ohartarazten emakume taldeak bestea seinalatuta norbera libre dagoelako uste ustel horretaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.