Memoriaren kudeaketan katramilatzen ez garen artean, orainaz baino hagitzez erosoagoa da iraganaz mintzatzea. Iragana geldirik dago, denborak finkatu du, diskurtso hegemonikoak eta hizkera klixetuak laguntzen digute ika-miketan ez katigatzen. Marteko ur fosildua da oraina ez den hura, ez ahur bietan bildu ezin dugun mendi-negarra.
Eta hain zuzen horrexegatik esan dezakegu arbel egiteko beldurrik gabe epopeia handia izan zela orain 80 urte ero haiek burutu zutena, alegia, euskara hutsean egindako egunkari bat ateratzea, lehenbizikoa, noiz eta gerra betean. Nik baino hobeto azaldu du Eguna zer izan zen Bilboko alkate den Juan Mari Aburtok: «Sei hilabete baino ez zuen iraun, baina asmatu zuen hutsune bat betetzen, eta erakutsi zuen euskarazko egunkaria posible zela».
Horixe du alde iraganak. Hitzak lasaiago erabiltzea dagoela, bare ager gaitezkeela ospakizun-argazkian mamu zaharrak astintzeke. Izan ere, orainera etorrita, eta Euskaldunon Egunkaria-ko langileek Arregiren administrazioaren aldetik aurrena eta ondoren Espainiako Gobernuaren atzaparretatik pairatu behar izan zituztenak bazter utzita, Hekimen euskal hedabideen elkartea oraindik orain aldiro salatzen diharduena ez baita inor lore uztekoa. Bestelako lankidetza esparru baten faltan, eta urterik urte administrazioen aldetik laguntzak jaisten, larri dabil sektorea.
Bestela esanda: euskal prentsako langileen lan baldintza prekarioei esker «betetzen dugu hutsunea» gaur egun. Eta eguna joan eguna etorri, garai batekoak diruditen aldartez dabiltzalako ari dira obratzen Lizardiren amets hura, hizkuntza noranahiko hau. Bai, orduan bezala, posible da. Baina noren lepotik.
Orduko euskal kazetarien lana gerrak epopeia bihurtzea, ulertzen dut. 80 urte ondoren administrazioaren erabakiek egungoen jarduna arrasto berean jartzea, gaitza da onartzen.
LARREPETIT
Epopeia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu